Ekonomia -
Lan-gatazka
Kaleratzeak ekiditeko exijitu dute Gasteizko Daewooko langileek
Goizean egindako bileran, Gasteizko fabrika irekita mantentzea bideragarria dela eta ixteko arrazoi ekonomikorik ez dagoela esan diote langileen ordezkariek zuzendaritzari.
Erredakzioa
Datorren astetik aurrera Gasteizko Daewooko langileek protestak egingo dituzte Enplegu Erregulaziorako Espedientea erretiratzeko exijitzeko; izan ere, langile-batzordeak eta multinazionalaren zuzendaritzak goizean egin duten bileran ez da akordiorik izan eta, ondorioz, behargin guztiak kaleratzeko planak indarrean dirau.
Jose de Miguel langile-batzordeko presidenteak azaldu duenez, Gasteizko lantegia (hozkailuak ekoizten dituzte) martxan mantentzea bideragarria da eta ez dago arrazoi ekonomikorik ixtea justifikatzeko. Jundizeko lantegiak A mailako hozkailuak produzitzen dituzte, baina Europar Batasunean 2012ko ekainera arte soilik merkaturatu ahalko dira. Data horretatik aurrera eraginkortasun handiagoko hozkailuak ekoitzi beharko dituzte. De Miguelek zehaztu duenez, mota horretako hozkailuak produzitu ahal izateko, Gasteizko lantegian 3,7 milioi euro inbertitu beharko lituzkete, "eta Hego Koreako multinazionalak badu horretarako ahalmena".
Gauzak horrela, datorren astelehenean beste bilera bat egingo dute bi aldeek 09:30ean.
Aldi berean, langile-batzordeak protestak antolatu ditu datorren asterako, lehenengoa astearterako, Andra Mari Zuriaren plazan.