Ekonomia -
Neurri ekonomiko berriak
CCOOk gogor kritikatu du Gobernua, neurri ekonomiko berriak direla eta
Ignacio Fernandez Toxok esan duenez, "aberrantea da langile bat 30 urtera arte ikastuntzat jotzea".
Erredakzioa
Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak gogor kritikatu ditu Espainiako Gobernuak gaur onartuko dituen neurri ekonomikoa berriak, bereziki trebakuntzarako lan kontratu berria. "Aberrantea da langile bat 30 urtera arte ikastuntzat jotzea".
2006ko erreformak aintzat hartu zuen kontratuak elkarlotzeko araua bertan behera geratzea ere salatu du, "behin-behineko kontratuak dituzten ehunka mila behargin babesik gabe geratuko baitira". Bestalde, gehienezko gastua mugatzeko Konstituzioa aldatzea "bidegabekeria" dela iritzi dio, "politika sozial jasangarrien kontra egitea delako". Toxoren hitzetan, Gobernuak "azpikeriaz" jokatu du eta Alderdi Sozialistak tesi neoliberalak jarri ditu mahai gainean. Toxok iragarri duenez, CCOO eta UGT Espainiako Gobernuarekin bilduko dira astelehenean. Hasiera batean, grebara joatea baztertuta dagoela esan du, baina gizarteak bere haserrea erakutsi behar duela uste du. Espainiak beste gatazka bat behar ez duela esan du, baina "gatazka azalerazteko arrazoiak ematen ari da Gobernua", ohartarazi du.