Ekonomia -
Gobernuaren murrizketa plana
Neurri berriek dirua biltzea beste asmorik ez dute, PPren ustez
Ekonomiaren hazkuntza eta enpleguaren sorrera bultzatuko duen "egiazko" plan bat onartzea beharrezkoa dela adierazi du Cospedalek, eta ez "aldi baterako konponbideak".
Erredakzioa
Ministroen Kontseiluak zor publikoa murrizteko helburuarekin adostutako neurri ekonomikoak gogor salatu ditu Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak. Bere ustez, neurri berriek "dirua biltzea beste asmorik ez dute". Hala, ekonomiaren hazkuntzari eta enpleguari bultzada emateko Gobernuak egiazko plan bat pentsatu behar duela esan du eta ez "aldi baterako konponbideak".
PPko zuzendaritza batzordearen ondorengo bileran emandako prentsaurrean egin ditu adierazpenak Cospedalek. Popularrek alde edo kontra bozkatuko duten galdetuta, adierazi du, bere alderdiak neurriak aurretik ongi irakurri nahi dituela. Halaber, salatu du, dekretuak jasotzen dituen neurri gehienak "dirua biltzea" beste asmorik ez dutela.
Hala eta guztiz ere, aitortu du, alderdi popularrak aspalditik eskatzen duen neurri bat dagoela adostutakoen artean, farmazietako aurrezki planarena, alegia.
"PPk Estatuko osasun sistema aztertzeko beharra azaldu du eta aurrezteko neurri guztiak aztertu behar dira. Baina okerrena da, orain suhiltzaile moduan agertzen direnak izan direla egoera honi su eman diotenak", adierazi du Cospedalek, osasun mailan sortutako egoera Salgadok Sail horretaz arduratzen zen garaian babestutako lege aldaketaren ondorioz etorri dela erantsi du.