Ekonomia -
Krisiaren kontrako neurriak
Gobernuak % 4ra jaitsi du etxebizitza berriak erosteko BEZa
Botika gastu-publikoaren murrizketa eta fakturazio handiko enpresen sozietateen zergaren ordainketa aurreratzea dira, besteak beste, Exekutiboak hartu dituen beste neurri garrantzitsuak.
Erredakzioa
Madrilen defizita murrizteko neurri gehiago hartzeko batzartu da gaur Ministro Kontseilua. Etxebizitza berria erosteko BEZ % 8tik % 4ra jaistea erabaki dute, besteak beste. Neurria indarrean izango da abenduaren 31 arte.
Jose Blanco Gobernuko bozeramaileak Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan esandakoaren arabera, neurria "ezohikoa eta behin-behinekoa" da eta helburu nagusia etxebizitza berrien soberakinari irteera eman eta eraikuntzan enplegua sortzea da.
Ministro kontseiluak hartu dituen beste bi neurriak, espero zirenak: botika gastu-publikoaren murrizketa eta fakturazio handiko enpresensozietateen zergaren ordainketa aurreratzea.
Bi neurri hauekin 5.000miloi euro aurreztu nahi ditu Espainiako Gobernuak.
BEZ jaitsiera, etxebizitza berria erosteko
Espainiako Ministro kontseiluak etxebizitza berrien BEZ zerga % 8tik % 4era jaistea erabaki du gaurko bileran. Neurria, urtea amaitu arte izango da indarrean, eta helburua, altxata eta saldu ezinik dauden etxebizitzei irteera ematea da.
Jose Blanco Gobernu bozeramaileak azaldu duenez, 200.000 euroko etxebizitza batentzat, BEZ zerga lau puntu jaisteak 8.000 euroko aurrerapena emango dio erosleari.
Sozietateen zerga
Fakturazio handiko enpresen sozietateen zergaren ordainketa aurreratzea erabaki du gaur Exekutiboak.
Zehazki, 2011-2013 urteetarako, fakturazio handiko enpresen sozietateen zergaren ordainketa zatikatuaren kalkuluaren portzentajea % 21 baino gehiagotan areagotuko da. Elena Salgado Ekonomia ministroak esan duenez, 20 eta 60 milioi euro bitartean fakturatzen duten enpresentzat portzentaje hori % 24koa izango da, eta 60 milioi eurotik gorakoek, ostera, % 27koa izango dute.
Salgadok argitu nahi izan duenez, neurri horiek ez dute "funtsezko kalterik" eragingo enpresa handietan. 20 eta 60 milioi euro bitartean fakturatzen duten enpresek 59.000 euro baino ez dituzte aurreratu beharko, eta 60 milioi eurotik gorakoek 255.000 euro.
Gainera, enpresa handi horiek ez dituzte dedukzioak galduko nahiz eta zerga moldatu, eta ez dute gehiago ordaindu behar izango. "Zergaren ordainketa zatikatua aurreratuko da neurri honekin, eta zenbait dedukzioren atzeratzea".
Botika gastu-publikoaren murrizketa
Blancok iragarri duenez, botika gastu-publikoaren murrizketa ere onartu da gaur Ministro Kontseiluan. Hobeto kudeatuko dira farmazia-gastuak, eta administrazio publikoek -Estatukoa eta autonomia erkidegoetakoak- 2.400 milioi euro aurreztuko dituzte urtean, eta hiritarrek 177 milioi. "Osasun publikoaren kalitatea mantendu egingo da neurri honekin, baina aurreztu egingo da", esan du Ministroak.
Hemendik aurrera medikuek sendagai generikoak errezetatu beharko dituztela gogoratu du gainera, eta farmazietan familia bereko medikamentu merkeena dispentsatu beharko dute.