Ekonomia -
Ekonomia plan berria
Zapaterok ezohiko bilkura eskatuko du murrizketa neurriak onartzeko
Neurri ekonomiko berri horiek ostiralean babestuko dituzte ministroen kontseiluan eta datorren astean aurkeztu nahi dituzte Diputatuen Kongresuan.
Erredakzioa
Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak eta Gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, ministroen kontseiluak ostiralean babestuko ditu murrizketa neurri berriak eta datorren astean Kongresuan ezohiko bilkura egitea eskatuko dute plan ekonomikoa premiaz onartzeko.
Blancok RNEn egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, egungo egoera ekonomikoaren inguruan "hausnarketa" egiteko aprobetxatuko du bilkura Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak.
"Neurri horiek Kongresuan premiaz onartzeko eskaera egingo du Gobernuak", adierazi du Blancok, eta Exekutiboaren nahia ezohiko bilkura datorren astean egitea dela azpimarratu du. Data, ordea, Kongresuko Mahaiak ezarriko du.
Horien artean, sozietateen errenten gaineko zerga aurreratzea aurreikusten da, horrela zerga-bilketa ekonomiaren zikloari egokitzeko "azkarragoa eta eraginkorragoa" izan dadin. Bestalde, ministroak ukatu egin du neurri horiekin gehiago bildu nahi izatea, eta konpainiek ez dutela inolako oztoporik jarri erantsi du.