Ekonomia -

Koronabirusa

Espainiako Bankuak % 6,6 eta % 13,6 arteko jaitsiera ekonomikoa aurreikusi du

Espainiako Bankuaren arabera, defizit publikoa BPGaren % 7 eta % 11 artekoa izango da aurten, eta zor publikoa BPGaren % 110 eta % 120 artekoa.

Espainiako Bankuak pandemiak ekonomian duen eragina aztertzen ari da. EiTB
Espainiako Bankuak pandemiak ekonomian duen eragina aztertzen ari da
Espainiako Bankuak pandemiak ekonomian duen eragina aztertzen ari da. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Bankuaren arabera, ekonomiak % 6,6 eta % 13,6 arteko beherakada izango du aurten, koronabirusaren izurritearen ondorioz; izan ere, "aurrekaririk gabeko" BPGaren beherakada hori erabilitako metodologiaren eta konfinamenduaren iraupenaren araberakoa izango da.

Espainiako Bankuak astelehen honetan argitaratutako txosten baten arabera, defizit publikoa BPGaren % 7 eta % 11 artekoa izango dela aurreikusi du aurten (iaz, BPGaren % 2,6an itxi zen), eta zor publikoa BPGaren % 110 eta % 120 artekoa izango da (BPGaren % 95,5 izan zen 2017an).

Ekonomian pandemiak izango duen eragina aztertzen ari da, baina ohartarazi du 2020an "Espainiako BPGak atzerapausoa" izango duela, "historian aurrekaririk ez duenak".

Eskaintzari buruzko lehen ikuspegiak BPGaren bilakaera aztertzen du, ekoizpen ekonomikoaren beherakadaren arabera. Konfinamenduak 8 aste iraunez gero, uzkurdura % 6,6koa (konfinamenduaren ostean jarduera normalizatzen bada) eta % 8,7koa (urtea amaitu arte normalizatzen ez bada) izango dela ondorioztatu du.

Konfinamendua 12 astez luzatuko balitz, uzkurtze ekonomikoa % 13,6ra igoko litzateke, eta urte amaierara iritsiko litzateke jardueraren normalizaziorik lortu gabe, bereziki ostalaritzarekin eta aisialdiarekin lotutako adarretan.

Inpaktua epe laburretik haratago neurtzeko egokiagoa den bigarren ikuspegi bat Espainiako Bankuaren hiruhileko ereduaren araberako simulazioak egitean oinarritzen da. Eredu horrek Espainiako ekonomiaren harreman nagusiak aztertzen ditu, asaldura transmititzeko bideak ulertzeko.

Horrela, etxeetako eta enpresetako errentak galtzeak gastua murriztea edo etorkizuneko ordainketak ekarriko dituzten kredituak erabiltzea esan nahi du, eta, era berean, ziurgabetasunak gastu-erabakiak atzeratzea ekarriko du, erakundearen aburuz.

Metodologia horren arabera, Gobernuak hartutako neurriak lanpostuak galtzea eta enpresak ixtea saihesten badute, 8 asteko konfinamenduak % 6,8ko uzkurtze ekonomikoa ekarriko du aurten, eta, ondoren, % 5,5eko gorakada 2021ean.

Enpresa batzuek 8 asteko konfinamenduaren likidezia arazoak gainditzen ez badituzte, BPGaren atzerakada handiagoa izango litzateke, % 9,5ekoa, eta errebote handiagoa eragingo luke ondoren, % 6,1ekoa 2021ean, hain zuzen.

Konfinamenduak 12 aste iraungo balu, kaudimen arazoek enpresen ehuneko handiagoa bati eraginez gero, aurten % 12,4ko beherakada eta 2021ean % 8,5eko hazkundea izan duela aurreikusi du.

Espainiako Bankuaren arabera, proiekzio horiek politika ekonomikoko jarduketek, "epe laburreko atzeraldiaren sakontasuna murriztea ez ezik, epe luzeagoan BPGaren eta enpleguaren maila handiagoa lortzea ere ahalbidetu beharko lukete".

Espainiako Bankuak 6.000 milioi euro inguruko kostua aurreikusi du aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak, autonomoentzako prestazioak (0,9 milioi pertsona) eta langabezia-prestazioak (0,6 milioi pertsona) errazteko. Hala ere, kalkulu hori nahiko kontserbadorea da, aldi baterako enplegu-erregulazioak 4 milioi inguru direla eta milioi bat autonomori baino gehiagori eragiten dietela kontuan izanda.

Halaber, uste du "oso zaila" izango dela epe laburrean pandemia errotik ezabatzea eta egungo konfinamendu aldia "normaltasunera azkar itzultzea".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Lana Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak BPGd Nafarroa