Ekonomia -
Burtsaren nondik norakoak
Hasierako poz handia hustu egin da Europako burtsetan
Europako Banku Zentralak Espainiako eta Italiako zorra erosi arren, Europako burtsek behera egin dute. Hala ere, herri bi horietako arrisku primek behera egin dute EBZren eskuhartzeari esker.
Erredakzioa
Europako Banku Zentralak Espainiako eta Italiako zor nahikoa erosi arren, Europako burtsek behera egiten dute saio erdian.
Frankurteko DAX 30 indizeak % 3 behera egin du, eta Pariseko CAC indizeak % 2; Londreseko FTSE indizeari dagokionez, % 1,7 galtzen zuen.
Halaber, galerak izan ditu Ibex 35ek (% 0,4) eta Milaneko MIB indizeak (% 0,3).
EBZren eskuartzeak Espainiako eta Italiako arrisku primen beherakada eragin du; joan den astean markak hautsi zituzten eta 400 puntuak gainditu zituzten biek, espekulatzaileen erasoen ondorioz.
Espainiako zorraren errentagarritasuna hamar urtera % 5,24koa da, eta 288 puntuan kokatu da, ostiralean 373,1 puntuan itxi ostean.
Italiako bonoen interesa % 5,15ekoa da, eta arrisku saria 278,7 puntuan kokatu da, ostiralean 361, 1 puntua itxi ostean.
Tokioko Nikkei indizeak % 2,17 behera egin du gaurko saioan eta Asiako hego-ekialdeko merkatuek behera egin dute orokorrean, Standard &' || ' Poorsek AEBei kalifikazioa jaistea erabaki ostean.
Saio hasiera
Espainiako burtsak % 2,64 egin du gora saio hasieran, arrisku sariak behera egin ostean. Europako Banku Zentralak Espainiako eta Italiako zorra erosiko duela iragarri izanak eragin positiboa izan du eta lasaitasuna ekarri du. Halaber, G7ren iragarpenak lasaitasuna eragin du; izan ere, finantza merkatuen egonkortasuna ziurtatuko dutela esan dute, AEBetako kalifikazio nota jaitsi ostean.
09:10ean, Ibex 35 indizea 8.900,20ko mailan kokatu da eta alde batera utzi du Asiako burtsen beherako joera.
Espainiako burtsa suspertu egin da, arrisku saria 300 puntuko mailara jaitsi ostean. Ostiralean 370,87 puntuan kokatu zen.
Europako Banku Zentralaren iragarpenak (Espainiaren eta Italiaren zorra erosiko duela esan du EBZk) eragin handia izan du burtsaren gaurko joeran.
Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidentearen hitzetan, euroguneko herrien zor publikoa erosteko programa "handituko" du; EBZk maiatzean jarri zuen abian programa hori finantzazioa berriro lortzeko arazoak zituzten herriei laguntzeko.
G20k finantza merkatuak babestu ditu
G20ko Ekonomia eta Finantza ministroek eta banku zentraletako agintariek finantzen egonkortasuna babestu eta ekonomiaren hazkuntza indartzeko "neurri guztiak hartzeko" konpromisoa azpimarratu dute.
Frantziako Finantza Ministerioak igorritako ohar batek dioenez, taldeko kideek "harreman eta elkarlan etengabea" izango dute "finantzen egonkortasuna eta merkatuen likidezia bermatzeko".