Ekonomia -

Zorraren krisia

Barroso: 'Krisia euroguneko ingurutik haratago doa'

Europar Batzordeko presidenteak onartu duenez, hitzartutako azken neurriek ez dute espero zituzten ondorioak ekarri. Europako Banku Zentralak % 1,5eko interes tipoei eustea erabaki du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Manuel Durao Barroso Europar Batzordeko presidenteak aitortu duenez, Europako Gobernuek adostutako azken neurriek ez dute espero zituzten ondorioak ekarri. Halaber, Barrosok azpimarratu duenez, "krisia euroguneko ingurutik haratago doa".

"Italiako eta Espainiako bono subiranoen merkatuen bilakaerek eta euroguneko gainontzeko beste herrialdeek kezka handia sortu ohi dute", azaldu du Barrosok Europako buruzagiei zuzendutako gutun baten bidez.

Barroso Finantza-Egonkortasunerako Europako Funtsak hobetzeko formulak bilatzearen alde azaldu da, "egungo kutsadurari" aurre egiteko.

% 1,5eko interes tipoak

Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseiluak % 1,5eko interes tipoei eustea erabaki du gaur, Italiako eta Espainiako zorraren krisiaren larriagotzea saihesteko. Urte honetan zehar diruaren prezioa birritan igo du Europako Banku Zentralak eta finantza-adituen arabera, urteko laugarren hiruhilerako baliteke interes tipoak berriro igotzea.

Altxor publikoaren bonoak

Altxor publikoak 3.300 milioi euroko balioa duten hiru eta lau urteko bonoak saldu ditu % 4,90ko eta %5,05eko interesarekin, 2008tik izandako mailarik altuena. Eskaera eskaintza bikoiztu du.

Altoxorrak bere asmoak bete ditu saldutako 3.300 milioi horiekin; izan ere, 2.500 eta 3.500 milioi euro artean bereganatzea espero zuen. Guztira 7.380 milioi eskatu dituzte, azkenean saldutako bikoitza baino gehiago.

Espainiako zorraren gaineko tentsioek datozen egunetan jarraituko dutela adierazi du Elena Salgado Ekonomia ministroak. Horregatik, Gobernuaren "kezka" azaldu du Salgadok.

Salgado Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentearekin bildu zen bart arratsaldean, Moncloako jauregian. Finantza-merkatuetan Espainiako zorra jasotzen ari den zigorra aztertu zuten agintariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea