Ekonomia -
Auzitegiak
SATSEk Osakidetzako lan-eskaintzaren kontrako helegitea aurkeztuko du
Lan-eskaintza publikoaren deialdian berdintasun printzipioa urratzen dela iritzi dio erizainen sindikatuak eta horren aurkako helegitea ipiniko du.
Erredakzioa
SATSE erizainen sindikatuak auzitegietara joko du Osakidetzaren eskaintza publikoaren aurka egiteko. Sindikatuak administrazio auzietarako epaitegian ez ezik EAEko Justizia Auzitegi Nagusian ere aurkeztuko du oinarrizko eskubideak babesteko helegitea. SATSEren aburuz, lan-eskaintza publikoaren deialdiko baldintzetan berdintasun printzipioa urratzen da. Datorren abuztuaren 5a baino lehen aurkeztuko dituzte errekurtsoak.
Ondorioz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak osasun arloan izan den lan-eskaintza handienetarikoaren auzia ebatzi beharko du. Guztira 2.600 lanpostu atera dituzte, baina deialdia, lehen aldiz, sindikatuekin akordiorik adostu gabe aurkeztu dute.
ELA sindikatua ere neurriak hartzea aztertzen ari da eta CCOOk ere jakinarazi zuen deialdiaren kontrako helegitea aurkezteko asmoa duela. Euskararen balioak jasandako murrizketa eta azterketa egiteko modelo berria (aurkeztutako deialdiak ikasgai-zerrenda irekia jasotzen du) dira, besteak beste, lan-eskaintzari egindako kritikak.
Horrez gain, plaza gehiago ere eskatzen dituzte. Hainbat sindikatuk adierazi zuten 5.400 lanpostu behar direla eta 2.600 enpleguren deialdia egin dute.