Ekonomia -
Merkatuetako gorabeherak
Burtsek deskalabrua izan dute nahiz eta AEBetan akordioa lortu
Espainiako arrisku saria 374,6 puntuetan kokatu da AEBetako zorraren etorkizunak zalantzak sortzen dituelako.
Erredakzioa
Espainiako burtsak % 3,24 egin du behera, azken 13 hilabeteetako beherakadarik handiena. Horrela, saioa 9.300 puntutan itxi du burtsak, nazioarteko merkatuen galerek, zor arazoek eta industriaren beherakadak bultzatuta.
Ibex 35 indizeak 312,50 puntu galdu ditu, hau da, % 3,24ko beherakada (2010eko ekainaren 29tik izan den beherakadarik handiena). Horrela, urteko galerak % 5,49koak dira dagoeneko.
Europan, euroa 1,421 dolarretan kokatu da eta burtsa nagusiek behera egin dute: Milanek % 3,87 egin du behera, Euro Stoxx 50 indizeak % 2,88, Frankfurrtek % 2,86, Parisek % 2,27 eta Londresek % 0,7.
AEBetako zorraren muga igotzeko lortutako akordioak bultzada eman dio saioaren hasierari, baina irabaziak murrizten joan dira eta eguerdian galerak ziren nagusi.
Arrisku saria
Bestalde, euroa sortu zenetik Espainiako arrisku saria maximo berri batean kokatu da gaurko saioan, 374,6 puntutan alegia, AEBetako zorraren etorkizunak zalantzak sortzen dituelako.
Gainera, Italiako arrisku sariak gora egin du nabarmen eta 352 puntutan kokatu da errekor berria ezarriz.
Beherakada txikia Wall Streeten
Wall Streetek beherakada txiki batekin itxi du saioa. Dow Jones indizeak % 0,09 behera egin du.
Behin-behineko datuen arabera, Dow Jones indizeak 10,75 puntuko beherakada izan du eta 12.132,49 puntutan kokatu da. Bestalde, S&' || 'P indizeak % 0,41 behera egin du, eta Nasdaq izenekoak % 0,43.