Ekonomia -

Zorraren krisia

Tea Partyk porrot egiteko zorian utzi ditu AEBak

Ultrakontserbadoreek errepublikanoen planaren bozketa blokeatu dute porrota ekiditeko. Akordiorik ez badago, AEBak ordainketak egiteko dirurik gabe geldituko dira abuztuaren 2tik aurrera.

Tea Partyko ekintzaileek Washingtonen egindako kontzentrazioa. Argazkia: EFE
Tea Partyko ekintzaileek Washingtonen egindako kontzentrazioa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nahasmen politikoa areagotu egin da gaur gauean Washingtonen; izan ere, errepublikanoek Ordezkarien Ganberan gastu muga igotzearen alde bozkatzeko asmoa zuten arren, atzera egin dute. Neurri horrek AEBak ordainketak egiteko dirurik gabe gelditzea eragingo du.

Alderdiak porrot egin duela onartu dute errepublikanoek. John Boehner errepublikanoen buruak berak geldiarazi du bere planaren bozketa azken momentuan; izan ere, Tea Partyko kontserbadoreen oposizioari aurre egiteko beharrezkoak zituen 217 botoak ez lortzeko aukera zuen.

Ganberan 240 errepublikano daude eta horietatik hogeita hamar inguru Boehnerren plana leunegia dela esan duen Tea Partyren alde daude.

Errepublikanoek hamarkada batean AEBen defizita ia bilioi bat dolarretan txikitzea planteatzen dute eta, hasiera batean, alderdi kontserbadorearen indar politikoaren erakusgarri izan zen.Senatua demokratek kontrolatzen dute eta bertan egin beharko litzateke bozketa, plana Ordezkarien Ganberan aurrera aterako balitz, baina Senatuak berak adierazi zuen proposamen errepublikanoa ez zuela onartuko.

Harry Reid Senatuko gehiengo demokrataren buruak beste plan bat aurkeztu du, datorren hamarkadan defizita 2,2 bilioi euro txikitzea proposatzeko. Horrez gain, gastuaren muga 2013ra arte igotzea ahalbidetuko luke. Halere, ez dakite ekimena noiz bozkatuko litzatekeen.

Errepublikanoek aurrera eraman nahi duten plan horrek urte bukaerara arte baino ez zuen finantzazioa ematen eta 2012tik aurrera berriro eztabaidatzea eskatzen zuen. 2012an, gainera, presidentetzarako hauteskundeak izango dira AEBetan.

AEBak, porrot egiteko zorian

"Denborak aurrera egiten duen bitartean, beste egun bat galdu dugu. Hau da arazoa konpondu eta defizita txikitu ahal izateko konpromisoa hartzeko garaia", adierazi du Dan Pfeiffer Etxe Zuriko komunikazio zuzendariak.

Errepublikanoek eta demokratek ez dituzte jarrerak hurbildu, azken egunetan bi alderdiek hainbat bilera egin dituzten arren. Bilera horietako batzuk Etxe Zurian deitu zituen Obamak, eta asmo oneko adierazpenak eragin bazituzten ere, ez zen emaitza zehatzik lortu.Bitartean, AEBak, azken urteetako historian lehen aldiz, ordainketak egiteko dirurik gabe gera daitezkeela eta Kongresuak akordio bat lortzeko gaitasunik ez duela ikusten ari dira nazioarteko merkatuak.

Obamak astelehenean AEBetako herritarrei zuzenduta eskaini zuen hitzaldian negoziazioek aurrera ez egitea deitoratu zuen eta gastuaren muga onartzen ez badute AEBek jasan ditzaketen ondorio ekonomiko latzak azaldu zituen.

Arriskua neurtzeko agentziek, Standard &' || ' Poor’s eta Moody''s agentziek tartean, AEBen arriskua AAA maila altuenetik behera egin duela esan dute, eta horrek AEBetako interes tipoen igoera eragingo du.

AEBetako Altxorrak esan du abuztuaren 2a dela Gobernuak bere betebeharrei aurre egiteko dirurik gabe ez geratzeko azken eguna. Hortaz, gastuaren muga igotzea onartu ezean, nori ordaindu eta nori ez erabaki beharko duela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea