Ekonomia -

Akordioa

Panda Security euskal enpresa multinazional estatubatuar batek erosiko du

Sareko segurtasunaren arloan lan egiten duen enpresak iragarri duenez, WatchGuard Technologiesek eskuratuko du.

WatchGuard Technologiesek erosiko du Panda Security. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
WatchGuard Technologiesek erosiko du Panda Security.
WatchGuard Technologiesek erosiko du Panda Security. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

WatchGuard Technologies multinazional estatubatuarrak sareko segurtasunaren arloan lan egiten duen Panda Security euskal enpresa erosiko du, azken horrek iragarri duenez.

AEBko multinazionalak ohar batean jakinarazi duenez, erosketaren ondorioz irtengo den erakundeak aurreratutako mehatxuak detektatzeko kudeaketa zentralizatua eskainiko die bezeroei; adimen artifizialak, jokabide-profilak ezartzeko hainbat teknikak eta abangoardiako segurtasun-ekitaldien korrelazioak bultzatuko dute hori.

WatchGuard Technologiesek eta Panda Securityk sarea eta erabiltzailearen perimetroa lotuko dituen segurtasun-plataforma indartsua sortuko dute. Segurtasun-funtzio berritzaileak eskaintzeagatik dira ospetsuak bi enpresak, eta sektore horretan jarraituko dute elkarrekin.

WatchGuardek 20 urte baino gehiago daramatza tamaina erdiko hainbat enpresarekin lanean, segurtasuna eman eta kudeatzeko. Panda Securityk, aldiz, azken 30 urteak eman ditu ekipoentzako babes aurreratuaren arloan, bai enpresekin baita erabiltzaileekin ere.

Juan Santamaria Panda Securityko zuzendari exekutiboaren hitzetan, euskal enpresa "oso pozik" dago WatchGuardekin fusionatzeagatik, haren bezeroei "eskaintzen zaien dimentsio berriagatik": "Gure produktu berritzaileak WatchGuardekin batera lan egiten dutenek sortutako sare global sendoak emango ditu. Espero dugu sarea eta erabiltzailearen perimetroa lotuko dituen segurtasun-plataforma bat sortzea, zibersegurtasunaren merkatuan gaitasun paregabeekin". Prakash Panjwani WatchGuardeko zuzendari exekutiboak esan duenez, Panda Security erosteak ekarriko du bezeroek "haien konfiantzazko fabrikatzaile baten eta beraiek aukeratutako hornitzailearen zerbitzua eskura izatea".

"Bezeroek marka bakarra izango dute, eta berrikuntzak eta kalitateak babestuko dute marka hori; hain zuzen ere, gure bi erakundeen hastapenetakoak dira bi horiek", esan du Panjwanik.

Panda Bilbon sortu zuten, 1990ean, eta antibirus oso famatuagatik ezaguna da; segurtasun informatikoaren arloan erreferente bilakatu zen. WatchGuard, bere aldetik, Ameriketako Estatu Batuetako Seattlen du egoitza, eta 80.000 bezerori eskaintzen dizkie segurtasun-konponbideak.

Ohiko itxiera-baldintzek mugatzen dituzte erosketa; aurtengo bigarren hiruhilekoan burutuko omen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Ameriketako Estatu Batuak bideoak EAE Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak