Ekonomia -

Goi-bilera Bruselan

Greziaren bigarren erreskatea adostu du Euroguneak

Greziaren bigarren erreskate programa 159.000 bat milioi eurokoa izango da eta sektore pribatuak 50.000 bat milio euroko ekarpena egingo du.

Euroko herrialdeek bigarren aldiz lagunduko diote Greziari

01:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko estatuburuek eta gobernuburuek Greziaren bigarren erreskatea adostu dute gaur. Erreskateak EBren eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) mailegu berriak aurreikusten ditu eta baita banku pribatuen ekarpena ere. Arrisku bonoen ordainketan atzerapen bat onartzea eskatuko diete banku pribatuei

Greziako zorraren krisiak Espainiari eta Italiari eragitea saihestu nahi du egitasmoak. Horretarako, 750.000 milioi euroko erreskate fondoa malgutuko, kreditu prebentiboak baimenduz eta arazoak dituzten herrialdeetako bankuak berriro kapitalizatuz.

Era berean, Europar Batasunak Greziari eman behar dizkion maileguen interes-tasak murriztea eta epeak luzatzea onartu dute euroguneko buruzagiek. Konkretuki, interes-tasak % 3,5 eta % 4 artean kokatuko dira, Sarkozyk azaldu duenez.

Arrisku bonuak

''Rating'' agentziek egitasmoa ''ez ordaintzea" dela esaten baldin badute, euroguneko estatuek arrisku bonuak bermatuko dituzte denboraldi batez, Europako Banku Zentralak (EBZ) Greziako finantza-sisteman likidezia sartzen jarrai dezan.

"Grezia laguntzeko egingo duguna, euroguneko beste edozein herrialderengatik ez dugu egingo", adierazi du Sarkozyk. Zorraren berregituraketa Portugalera eta Irlandara hedatuko ez dutela argi utzi du Frantziako agintariak. "Bi estatu horietan parte-hartze pribaturik izatea baztertzen dugu", errepikatu du.

Hala ere, Lisboari eta Dublini interes-tasen murrizketak eta EBko maileguen luzapenak mesede egingo die.

Sektore pribatuaren parte-hartzea

Greziaren bigarren erreskate programa 159.000 bat milioi eurokoa izango da eta sektore pribatuak 50.000 bat milio euroko ekarpena egingo du, Angela Merkel Alemaniako kantzelariak azaldu duenez.

Horrela, 12.600 milioi euro arrisku bonoetan berriro erosiko dituzte entitate parte-hartzaileek, Merkelek erantsi duenez.

Goi-bileraren emaitzarekin pozik agertu da Alemaniako kantzelaria, euroguneko buruzagiek euroarenganako eta Europarenganako "erantzukizuna" azaldu dutelako.

Zapatero

Goi-bilera "erabakigarria" izan dela adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak eta Espainiak euroguneko buruzagiek adostutako kreditu-lerro prebentiboa "beharko ez" duela ziurtatu du.

Goi-bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, akordioak merkatuak "lasaitu eta konfiantza emango" duela gaineratu du Zapaterok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea