Ekonomia -
Kanpaina
Euskal kutxen bat-egitearen abantailak zabaldu nahi ditu Kutxak
Kutxaren batzar nagusiak bat-egitea berrestea da ekimenaren helburua. Ezohiko batzar nagusia gutxi barru deituko dute.
Erredakzioa
Kutxak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aurrezki-kutxek hasi duten bat-egite prozesuan inplikaturik dauden edo zuzenean parte hartzen duten kolektibo zein interes taldeetan eragin eta informatzeko helburua duen komunikazio-plan bat jarri du abian.
Modu horretan, Kutxa Bank SA bankuaren bat-egite kontratua onartzeko erakundearen batzar nagusiak izan dituen arrazoiak publikoki eman nahi ditu ezagutzera, laster deituko den Kutxaren ezohiko batzar nagusiaren berrespena lortzeko asmoarekin.
Organo hori 100 kidek osatzen dute: EAJk 24 ordezkari ditu, ezker abertzaleak 20, PSEk 18, H1!k 13, CCOOk 10, EAk 3, Alternatibak 3, EBk 2, Aralarrek 2, Pixkanakak 2, PPk 1, ELAk 1 eta LABek 1.
Barneko eta kanpoko eremuei zuzendurik
Kolektibo ezberdinak izango dira Kutxaren komunikazio-kanpaina honen hartzaileak, hala barruko nola kanpoko eremuetakoak. Lehenengoen artean daude, besteak beste, hango enplegatuak, horiek ordezkatzen dituzten sindikatuak, Batzar Nagusian ordezkaritza duten taldeak, erakunde fundatzaileak, enpresa partaidetuak, fundazio eratuak edota Kutxak partaidetzen dituenak, besteak beste.
Kanpoko kolektiboei dagokienez, ordea, Kutxako bezeroak, hornitzaileak, enpresa laguntzaileak, alderdi politikoak eta elkarteak, administrazio publikoak, udalak, hedabideak eta abar dira hartzaileak.