Ekonomia -
Goi-bilera Bruselan
Eurogunea Greziaren bigarren erreskaterako egitasmoa amaitzen ari da
Europar Batasunak Greziari eman behar dizkion maileguen interes-tasak murriztea eta epeak luzatzea onartuko dute euroguneko buruzagiek.
Erredakzioa
Greziaren bigarren erreskatea martxan jartzeko akordioa lotzen ari dira euroguneko gobernuburuak eta estatuburuak. Erreskatearekin 70.000 milioi euroko diru-laguntzak emango dituzte EBk eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Era berean, banku pribatuek ekarpena egin beharko dute. Horrela, Greziaren arrisku bonoak ordaintzeko epeetan atzerapena onartzea eskatuko diete bankuei.
Greziako zorraren krisiak Espainiari eta Italiari eragitea saihestu nahi du egitasmoak. Horretarako, 750.000 milioi euroko erreskate fondoa malgutu nahi dute, kreditu prebentiboak baimenduz eta arazoak dituzten herrialdeetako bankuak berriro kapitalizatuz.
Angela Merkel Alemaniako kantzelariak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak goizaldean adostutako akordioa du oinarri planak. Greziako bigarren erreskatea finantzatzeko bankuei tasa bat jartzeko ideia baztertu dute bi agintariek.
Interes-tasak murriztea eta epeak luzatzea
Horrela, Europar Batasunak Greziari eman behar dizkion maileguen interes-tasak murriztea eta epeak luzatzea onartuko dute euroguneko buruzagiek Bruselan egiten ari diren ezohiko goi-bileran.
Interes-tasak % 4,2tik 3,5era murriztuko dira. Era berean, ordaintzeko epea zazpi urtekoa izatetik gutxienez 15 urtekoa izatera pasako da, baina 30 urtetara arte luza daiteke, iturri diplomatikoek jakitera eman dutenez.
Zorraren krisiak Espainiari eta Portugali eragitea saihesteko euroguneak Greziaren bigarren erreskatea martxan jartzeko neurriak adostu nahi ditu ostegun honetan.
Burtsek gora egin dute
Bestalde, Espainiako burtsak % 2,93 gora egin du gaur eta 10.000 puntuak gainditu ditu eurogunearen akordio posibleak bultzatuta.
Milango burtsak gorakada nabarmena izan du gaur, eta FTSE MIB indizeak % 3,76 gora egin du. Horrela, 19.490,76 puntutan kokatu da.