Ekonomia -
Eurogunea
Euroguneko krisia nazioartera hedatzeko arriskuaz ohartarazi du NDFk
"Krisia bizi duten Euroguneko herrietako egoera zabaltzen bada, hedadura zabala izan dezake", esan du Nazioarteko Diru Funtsak. Espainiako burtsak % 1,03 gora egin du.
Erredakzioa
Zorraren krisiak ez du Europa soilik mehatxatzen, munduko ekonomia arriskuan dagoela ohartarazi du gaur Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Merkatuen konfiantza berreskuratzeko orduan azkartasuna eskatu du NDFk.
"Krisia zabaldu daiteke euroguneko herrialdeen tentsioak EBko beste estatuetara hedatzen baldin badira", adierazi du erakundeak. "Krisiari irtenbide bat emateko orduan atzerapenak izaten badira eurogunearentzako eta munduko ekonomiarentzako kaltegarria izan daiteke", errepikatu du.
Luc Everaert NDFko eurogunerako politiken arduradunak prentsaurreko telefonikoan azaldu duenez, eskualdearen lehentasuna "krisiari aurre egitea" izan behar da, beste herrialdeetara ez hedatzeko "oso garrantzitsua" delako.
"Eurogunearentzako ona dena, munduarentzako ona da", esan du Everaertek.
Italia eta Espainia
Herrialde periferikoen krisia saihesteko Italia edo Espainia bezalako ekonomia handiak arazoetan sartzea ekidin behar dela azpimarratu du NDFko ordezkariak. Era berean, Grezian, Irlandan eta Portugalen erreforma egitasmoak "martxan jartzea" beharrezkoa dela gaineratu du.
Zentzu horretan, Finantza Egonkortasunerako Europako Fondoaren (EFSF) baliabideak handitzea beharrezkoa dela erantsi du, finantzaketa arazoak dituzten estatuei laguntzeko. Fondoari malgutasuna eman behar zaiola gaineratu du.
Krisiaren konponbidean sektore pribatuak izan beharreko parte-hartzea ahalik eta azkarren "argitzea" beharrezkoa dela goraipatu du Everaertek. Zerga-diziplina indartzeko aurrerapausoak eman behar direla adierazi du NDFko ordezkariak.
Espainiako burtsak gora egin du
Espainiako burtsak % 1,03 gora egin du eta 9.400 puntuko maila berreskuratu du; jardunaldi lasaia bizi izan dute gaur zorraren merkatuek. Espainiako Altxorrak 4.448 milioi jarri ditu merkatuan.
Ibex 35ek 96 puntu (% 1,03) irabazi ditu eta 9.943,80 punturaino heldu da. Urteko galerak % 4,21era jaitsi dira.
Arrisku saria 340 punturaino jaitsi da gaur, bart 366raino heldu ostean.