Ekonomia -
Krisia eurogunean
Greziako zorrak porrotera eraman dezakeela uste du Fitch agentziak
Greziako zorraren kalifikazioa berriz murriztu du nazioarteko agentziak. Horrela, B+ izatetik CCC mailara pasa da, zorra ez ordaintzeko benetako aukera dagoela uste dutelako.
Erredakzioa
Fitch nazioarteko kalifikazio agentziak Greziako zorraren kalifikazioa murriztu du berriro, "B+"tik "CCC"ra aldatu du. Horren arabera, baliteke Greziak bere zorra ez ordaintzea.
Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak Greziarentzako erreskate programa berririk ez adostearen ondorioa da kalifikazio berria, Fitchek gaur igorritako komunikatuan azaldu duenez.
"Greziaren pronostiko makroekonomiko ahulak eta sektore pribatuak etorkizuneko finantzaketan izango duen esku-hartzearen inguruko zalantza handiek" nota hori ezartzeko orduan eragina izan dutela ziurtatu du AEBetako agentziak.
Azken-aurreko koskan
Honenbestez, Greziako epe luzerako zorraren nota "CCC", Fitchen azken-aurreko koskan kokatu da.
Bien bitartean, epe laburreko zorraren ratinga "B"tik "C"ra pasa da, Fitchek erabiltzen duen azken-aurreko koska ere.
Fitchek komunikatuan azaldu duenez, "CCC kreditu arrisku erreala" da eta "Greziak zorra ez ordaintzeko aukera handiak" daudela onartzen du.