Ekonomia -

Ingurumen-kutsatzaileak

Neurriak ezarri dizkiete Ordiziako eta Zaldibiako bi enpresari nikel emisioengatik

Ingurumen Sailak nikel-partikulen emisioa antzeman ditu enpresa horietan eta aktibo mantentzen ditu Ordizia-Urdanetako, Zaldibia-Gaintzako eta Zaldibia-herriko neurketak.

Ordiziako herriaren ikuspegia. Argazkia: Ramon Sanchez Gauna
Ordiziako herriaren ikuspegia
Ordiziako herriaren ikuspegia. Argazkia: Ramon Sanchez Gauna

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ingurumen Sailburuordetzak neurri zuzentzaileak eta kontrolak ezarri dizkie Ordizian eta Zaldibian kokatzen diren bi enpresari, enpresa horietan nikel-partikulen emisioa antzeman ondoren.

Europa mailan emisio horien erreferentziarik ia ez dagoenez gero, isurketa horiek identifikatu dira Ingurumen Saileko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak egindako neurketa-kanpaina baten ondoren. Goierriko eta Tolosaldeko herrietan egin den neurketa-kanpaina hori bi urte baino gehiago luzatu da.

Ingurumen Sailak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zerbitzuek, 2016an, eman zioten hasiera kanpainari, INMA proiektuaren (Haurtzaroa eta Ingurumena) nazio-mailako ikerketa baten barruan, Ordiziako giro-airean nikel-maila handiak detektatu ondoren —hiri-inguruneetan ohikoak direnak baino maila handiagoak—.

Izatez, INMA proiektuak, haurdunaldian eta bizitzaren hasieran, airean, uretan eta dietan agertzen diren ingurumen-kutsatzailerik garrantzitsuenen papera aztertzen du, baita ingurumen-kutsatzaile horiek haurren hazkuntzan eta garapenean duten eragina ere.  Metal hori normalean oso maila apaletan agertzen da atmosferan.

2016 eta 2017 artean abian jarri zuten emisio hori eragin zuten iturriak identifikatzeko azterketa. Jardun horietan identifikatu zuten Ordiziako inguruneko enpresa batek eskatzen zitzaion araudi atmosferiko guztia betetzen zuen arren, nikela isurtzen ari zela giro-airera.

Hartara, 2018ren amaieran, nikel-mailak berriz ere handiak zirela hauteman zuten, eta 2019ren hasieran joera horrek jarraitzen zuela ohartu ziren. Ondorioz, enpresari jakinarazi zitzaion hartutako neurriak ez zirela nahikoak, eta bigarren ekintza-plan bat aurkezteko eskatu zitzaion.

Horrez gain, eta nikela isur dezaketen beste iturri batzuk identifikatzeko asmoz, bigarren identifikazio-azterketa bat egin zen, eta  bilaketa-eremua hurbileko udalerrietara zabaldu zuten; zehazki, Zaldibia, Lazkao, Arama, Itsasondo, Legorreta eta Ikaztegieta udalerrietara.

Emaitzek erakutsi zuten Lazkaoko, Ordiziako (suhiltzaileak) eta Itsasondoko nikel-mailak Ordizia-Urdanetako mailak baino askoz ere txikiagoak zirela. Haatik, Zaldibian, Gaintzako bidegurutzean, kokatutako unitate mugikorrak nikel-maila handiak erregistratu zituen. Horregatik, eta emisioen jatorria hobeto zehazteko asmoz, joan den abenduan beste unitate mugikor bat jarri zuten Zaldibiako herrigunean, eta laginak egunean behin hartzetik hamabi orduan behin hartzera pasa zen.

Horrela, Zaldibiako enpresa batean identifikatu zuten itxuraz nikela isurtzen zuen beste industria-iturri bat. Enpresa horrek partikulak isurtzeko dagozkion muga-balioak betetzen ditu, eta joan den urtarrilean haren fokuetan neurketak egin ziren, tximinian bertan. Nikel-partikulak isurtzen ari zirela berrestean, enpresa horri ekintza-plan bat eskatu zitzaion, eta otsailean bertan aurkeztu beharko du ekintza-plan hori. Eskakizun formal hori bat dator enpresak berak ekoizpena doitzeko hartu dituen neurriekin, eta neurri horiek lagungarriak izan dira atzemandako kutsadura-mailak murrizteko.

Bien bitartean, aktibo jarraitzen dute Ordizia-Urdanetako, Zaldibia-Gaintzako eta Zaldibia-herriko neurketek, eta eremu horien gaineko zaintza berezia mantentzen ari dira, Ingurumen eta Osasun Publikoko teknikarien jarraipen-talde espezifiko baten bidez.

Airearen kalitatea hobetzeari buruzko 102/2011 Errege Dekretuak nikel kutsatzailearentzat 20 nanogramoko (ng) xede-balioa ezartzen du giro-aireko metro kubikoko (m³), betiere PM10 zatikiaren barruan (2,5 eta 10 mikra arteko diametroa duten partikula esekiak); balio hori urte natural bateko batez bestekoari dagokio. Araudiak ezartzen duenez, xede-balio hori gainditzen den eremuetan, administrazio eskudunak horretan laguntzen duten iturriak identifikatu beharko ditu, eta mailak murrizteko eta xede-balioak betetzeko beharrezkoak diren neurri guztiak aplikatu beharko ditu, neurriz kanpoko kosturik sor ez dezaten.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Ordizia Albisteak Osasun albisteak Ingurumena Euskadiko kutsadura gaur