Ekonomia -
Bilboko epaitegia
Iberdrola eta Petronor zigortu dituzte, amiantoak langile bati eragindako kalteagatik
Enpresek 324.540 euro ordainduko diote amiantoaren eraginagatik ezintasun iraunkor absolutua aitortu dioten langile bati.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko epaitegi baten ebazpenaren arabera, Iberdrolak eta Petronorrek 324.540 euroko kalte-ordaina eman beharko diote amiantoaren eraginagatik pleurako mesotelioma duen eta ezintasun iraunkor absolutua aitortu dioten langile bati.
Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak (Asviami) astearte honetan jakitera eman duenez, epaitegiak aintzat hartu du Lemoizko zentral nuklearra eraikitzen ari ziren bitartean, Santurtziko eta Pasaiako zentral termikoen mantentze-lanetan eta Muskizko findegian amiantoarekin egindako hodiak isolatzen lan egin zuen gizon batek aurkeztutako demanda.
Epaiaren arabera, Iberdrola Generación SAk eta Petronor SAk ez zituzten prebentzio-neurriak kontuan hartzen, eta amianto-zuntza zuten hodiekin lan egitea ahalbidetu zuten, eta horrek eragin zion gaixotasun larria.
Auzi-jartzaileak instalazioak isolatzen aritzen zen lanean gaur egun desagertuta dauden hainbat enpresatan, konpainia handien azpikontrata gisa. Horretarako, amiantozko materialak mozten edo manipulatzen zituen, eta horretan ari zela askatzen ziren zuntzak arnastu zituen.
2013an hartu zuen erretiroa, eta 2017ko otsailean, iztai-hernia baten ondorioz egin zioten ebakuntza batean, pleurako isuria eta loditasun bat atzeman zizkioten. Geroago, mesotelioma epitelioide bat diagnostikatu zioten, IV. fasean.
ITASA enpresako langile gisa, 1979 eta 1981 artean Lemoizko zentral nuklearra eraikitzen aritu zen, hodietan eta tankeetan amiantoa jartzen. Ez zuen horretarako babes-jantzirik jaso, ez zioten arriskuaren berri eman, ez zioten osasun-azterketarik egin, ez arroparik garbitu, eta ez zuen ez prestakuntzarik ez segurtasun-ikastarorik jaso.
Lehenago, 1976 eta 1979 artean, Muskizko findegian egin zuen lan, amianto "zaharra" kendu eta berria jartzen. Horretarako, material hori moztu eta manipulatzen zuen, eta Petronorreko instalazioetan ez dago jasota amiantoaren eraginpean egoteari buruzko prebentzio-neurririk.
ITASA, Iberdrola Generación eta Petronor enpresei aurpegiratutako zaintza-eginbeharrak urratu zituztela jaso du epaiak, eta jokabide horren eta langilearentzat kaltegarria den emaitzaren artean kausazko lotura dagoela zehaztu du.