Ekonomia -
Lan-gatazka
Bilboko Metroaren zuzendaritza eta langileak, akordiotik hurbilago
Langileek asanbladak egingo dituzte ostegun honetan, Bilboko Metroaren azken proposamena aztertzeko. Zuzendaritzaren arabera, enpresa-batzordearen aldarrikapen guztiak hartu dituzte kontuan.
Erredakzioa
Bilboko Metroaren zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak bilera egin zuten atzo, baina akordio batera iritsi ez zirenez, gaur 05:45etatik 07:45era lanuzteak izan dira berriro. Zuzendaritzak gidarien eta geltokietako langileen kopurua 166ra eta 182ra handitzea proposatu zuen, hurrenez hurren.
Loly de Juan Bilboko Metroaren presidenteak eta Iñaki Prego kontseilari delegatuak agerraldia egin zuten atzo arratsaldean negoziazioaren egoerari buruzko xehetasunak emateko.
Iñaki Pregok azaldu zuenez, sindikatuek 167 gidari eta 182 begirale izatea aldarrikatzen dute eta zuzendaritzak gidariak 166 izatea eta begiraleak 182 izatea onartzeko prest dago. Gidari bat gutxiago proposatzen dute, azkenean 36 tren izango direlako eta ez 37. "Horrenbestez, sindikatuen eskaeren % 100 betetzen dugula ulertzen dugu", azpimarratu zuen.
Bestalde, sindikatuek asanbladak egingo dituzte ostegun honetan zuzendaritzak egindako azken eskaintza aztertzeko asmoz. LAB sindikatuak esan duenez, atzoko bileran ez zen akordiorik izan, baina aurrerapen batzuk eman ziren.
"Langile kopuruari buruz hurbilketa bat egon den arren, lan-baldintzak onartezinak dira bai LABentzat bai gainerako sindikatuentzat", kritikatu du.
Horrez gain, Bilboko Metroaren jarrera salatu du: "Iritzi publikoa nahastu nahi izan du komunikabideetan negoziazioarekin bat ez datozen edukien berri emanda".