Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aguirre: 'Kutxen etekina asko haziko da, gizarte ekintza ere bai'
Ekonomia sailburuak ez du ulertzen banku bihurtzeari zaion "beldurra", izan ere, "abantaila handiak" ekarriko lituzke, "euskal ekoizpen sareari emango dion babes handia", besteak beste.
Erredakzioa
Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak adierazi du euskal kutxen etekina eta gizarte ekintza "asko" haziko direla bat-egitearen ondoren. Hori dela eta, ez du ulertzen banku bihurtzeari zaion "beldurra".
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean Ekonomia sailburuak azaldu duenez, Kutxa Banken "izaera ez du markatuko banku edo kutxa izateak, erakundeen agintariek baizik". Gainera, banku moduan jokatzeak "abantaila asko" ekarriko dituela uste du.
Aguirreren arabera, bat-egitea "orekatua" izan da, eta akordioa lortzeko "handienak" eman duela "gehien" esan du, BBKri erreferentzia eginez.
Gipuzkoako Kutxa bat-egitetik kanpo geratu daitekeela eta, sailburuak aitortu du "zatituen" dagoen kutxa dela, asanbladan 14 talde desberdin daudelako. Hala ere, "bi herenen adostasuna" lortzeko lan egingo dutela hitz eman du, Kutxa "Kutxa Bank bankuan sar dadin".
"Ea hiruko bat-egitea den, sartuko ez litzatekeen kutxagatik batez ere", gaineratu du, "baina bestela bik bat-egingo lukete".
Bat-egitea hirukoa bada, Aguirrek uste du Espainiako zortzigarren finantza erakundea izango litzatekeela Kutxa Bank eta "kaudimena eta kapital nagusia kontuan izanda gora egiten" jarraitzeko aukerak egongo liratekeela.
Gainera, kutxen etekina "asko" haziko dela esan du Aguirrek, eta horrekin batera, "gizarte ekintzak ere" gora egingo duela. Etekinen, kapitalaren eta kaudimenaren hazkundeari esker "euskal ekoizpen sareak babes handia" jasoko duela azpimarratu du.