Ekonomia -

soldata arrakala

150 langile baino gehiagoko enpresek Berdintasun Plana eduki beharko dute 2020an

Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak ohartarazi duenez, Lan Ikuskaritzak "zorrotz" jokatuko du araudia bete dadin.

San Jose, Jon Azkue sailburuordearekin batera, prentsaurrekoan. Argazkia: Irekia
Maria Jesus San Jose, Jon Azkue sailburuordearekin batera, prentsaurrekoan.
150 langile baino gehiagoko enpresek berdintasun plana izan beharko dute

0:48

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak gogorarazi duenez, 2020ko martxoaren 7tik aurrera 150 langile baino gehiago dituzten enpresek derrigorrezkoa izango dute berdintasun plan bat izatea (orain arte 250 behargin baino gehiagokoentzat zen nahitaezkoa) eta horren ildoan ohartarazi du Lan Ikuskaritzak "zorrotz" jokatuko duela araudia bete dadin. Lan eta Justizia Sailaren datuen arabera, EAEn 291 enpresari zuzenean eragingo die aldaketa horrek.

Sailburuak zehaztu du berdintasun plan derrigorrezkoa izatearen neurria progresiboki handitzen joango da datozen urteetan. Hala, 2021eko martxoaren 7tik aurrera 100 langile baino gehiago dituzten enpresentzat izango da nahitaezko, eta 2022ko martxoaren 7tik aurrera, berriz, 50 langile baino gehiago dituztenentzat.

San Josek prentsaurrekoa eskaini du gaur Jon Azkue sailburuordearekin batera 2019an berdintasunaren arloan Laneko Ikuskaritzak aurrera eramandako ekintzak aurkezteko, baita kontratazioan iruzurrari aurka egiteko ikuskaritza-lanaren emaitzak emateko ere.

Horren harira, sailburuak esan du aurtengo ikuskaritzaren emaitzak "onak" izan direla. Izan ere, horri esker aldatu eta egokitu dira legera 6.379 kontratu guztira (3.376 emakume eta 3.003 gizon), urtean zehar berrikusi diren 21.258 kontratuen % 30, alegia.

"Areagotu egin ditugu Berdintasun Planen, jazarpen sexualaren eta sexuagatik enplegu-sarbidean egiten den diskriminazioaren ikuskaritza-kanpainak, baita kontziliazioari eta familia bizitzari buruzko eskubideenak ere. Emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko ikuskaritza-ekintzak 350 izan dira guztira, eta horietatik 44 ikuskaritza-kanpaina berriak izan dira, ordainsari-berdintasunaren arloan, eta horien barruan egin dira soldata-auditoretzak eta enpresen hautaketa iruzur-ereduak aurreikusteko programen bitartez", adierazi du San Josek.

Berdintasunaren arloan, nabarmentzekoak dira gainera ostalaritzako sektorean aurrera eraman diren 261 ekintzak, logelak garbitzeko langileen jarduerei lotuta; guztira 84 errekerimendu eta 9 arau-hauste detektatzea izan da horren emaitza.

Azkenik, iragarri du 2020ko ETBren lehen iragarkia, kanpaien ostean eskainiko den lehena, soldata arrakalaren kontrako Jaurlaritzaren kanpainarena izango dela. San Joseren ahotan, "iragarki horrekin arrakala salatzeaz gain, Lan eta Justizia Sailak eta Eusko Jaurlaritza osoak hartua duen konpromisoa berretsi nahi dugu, eta gizarte osoari helarazi emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean inplikatzearen premia".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Feminismoa Enpresaburuak Soldatak albisteak gaur Matxismoa