Ekonomia -
Errepideak
AP-68a Bizkaiko eta Arabako aldundien esku geratuko da gaur
Jaurlaritzak duela hilabete batzuk lortu zuen urtetan Espainiako Estatuarena zen eskumena. Autobideak ordainpekoa izaten jarraituko du, baina aldundiek laguntzak emateko aukera gehiago izango dituzte.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek AP-68 autobidea kudeatzeko transferentzia jasoko dute gaur, Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Euskadik apirilean lortu zuen luzaroan Espainiako Estatuarena izan den eskumena, baina foru aldundiei eskualdatzea falta zen, foru erakundeen esku baitago errepideen kudeaketa.
Eskualdatzea ekitaldi ofizial batean gauzatuko dute eguerdian, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan. Jaurlaritzaren izenean, Josu Erkoreka, Arantxa Tapia eta Pedro Azpiazu sailburuak egongo dira bertan, eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia eta Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiaren Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatua izango dira horiekin batera.
Gaurtik aurrera, bada, aldundiek kudeatuko dituzte Bilbotik Araba eta Burgos arteko mugaraino dauden 77 kilometroak. Errepide horren eskumena eskuz aldatutakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko errepide guztiak foru aldundien esku egongo dira.
Autobideak ordainpekoa izaten jarraituko du, 2026ra arte behintzat (orduan amaituko da Abertis enpresak duen kontzesioa). Dena dela, aldundiek dirulaguntzak emateko edo daudenak zabaltzeko ahalmen handiagoa izango dute. Arabak bidesariaren % 60ko hobaria ematen die 15 bidaia edo gehiago egiten dituztenei. Bizkaiak, gaur-gaurkoz, ez du laguntzarik ematen.
__________________________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.