Ekonomia -
Langabezia
Hego Euskal Herrian 1.006 langabe gutxiago zenbatu dituzte azaroan
Langabeziak behera egin du EAEn (1.564), baina gora, Nafarroan (558). Orotara, 146.193 lagun daude lan barik Hego Euskal Herrian.
EITB.EUS
Hego Euskal Herrian, 1.006 langabe gutxiago zenbatu dituzte azaroan, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta. Orotara, 146.193 pertsona daude lan barik, Espainiako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak gaur jakinarazitako datuen arabera.
Oso bestelakoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako datuak. Izan ere, EAEn langabeziak behera egin du azaroan: % 1,36, 2019ko urriko datuekin alderatuta, eta % 6,36, 2018ko azarokoekin erkatuta. Nafarroan, aldiz, gora egin du % 1,75 aurreko hilabeteko datuekin alderatuta baina behera % 1,81 iazko datuekin erkatuta.
Estatuan, hazi egin da langabezia: 20.525 langabe gehiago zenbatu dituzte (urrian baino % 0,65 gehiago, baina iazko azaroan baino % 1,68 gutxiago).
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban izan da bilakaerarik onena, % 2,01 jaitsi baita langabezia, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta. Bizkaian % 1,41 jaitsi da, eta Gipuzkoan, % 0,8. Nafarroan, berriz, gora egin du langabeen kopuruak. Dena dela, iazko datuekin alderatuta, behera egin du langabeziak lau lurraldeetan: Bizkaian izan da beherakada handiena (% 6,41), eta gertu geratu dira Gipuzkoa (% 6,32) eta Araba (% 6,23); Nafarroan, bestalde, % 1,81ekoa izan da beherakada.
Gizarte Segurantzaren afiliazioari dagokionez, batez beste 1.271.165 afiliatu egon dira azaroan Hego Euskal Herrian, urrian baino 1.494 gehiago, eta iazko azaroan baino 27.853 gehiago.
Artolazabal: "Hilabete ona izan da"
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez, enpleguaren datuek hobera egin dute azaroan, "batez ere emakumeen artean". Sailburuak nabarmendu duenez, "gakoa honakoa da: enplegua bilatzen dutenen prestakuntza eta formazioa hobetzea helburu duen politikari eustea".
"Azaroa hilabete ona izan da, 1.564 langabe gutxiagorekin. Langabeziaren jaitsiera hori bereziki esanguratsua da emakumeen artean (1.237 langabe gutxiago). Datu onak gure hiru lurralde historikoetan izan dira, eta jaitsiera handiena industria sektorean izan da", adierazi du Artolazabalek.
Sailburuaren hitzetan, "urte arteko alderaketan, duela urtebete baino 7.722 langabe gutxiago daude gaur. Datu horiek albiste ona dira langabeziaren bilakaeraren zerra-muturren egungo testuinguruan, eta 2012ko azaroaz geroztik izandako joera positiboa berretsi da, Lanbiden izena emanda dauden pertsona kopuruak pixka bat behera egin baitu".
Afiliazio datuak ere positiboak direla esan du Artolazabalek, eta inoizko datu onenak izan direla azpimarratu. "Azaro batean, 2008koan, izandako datu onena hobetu da, eta oso gertu gaude Gizarte Segurantzan kotizatzen duten gehienezko pertsona kopurutik", erantsi du.