Ekonomia -
lan eskaintza publikoa
Nafarroako Gobernuak 559 postuko Lan Eskaintza Publikoa onartu du
Zehazki, 337 plaza unibertsitatez besteko irakasleentzat izango dira, eta 169 Administrazio Nukleorako.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak 559 postuko Lan Eskaintza Publiko "partziala" onartu du gaurko bilkuran.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteorde lehen eta Presidentetza kontseilariak prentsaurreko batean azaldu duenez, 337 plaza unibertsitatez besteko irakasleentzat izango dira, eta 169 Administrazio Nukleorako.
Gainera, 53 plaza erreserbatzeko txanda dago, 46 desgaitasuna duten pertsonentzat (34, Hezkuntzan, eta 12, Administrazio Nukleoan) eta beste zazpi plaza genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat (guztiak Administrazio Nukleoan).
Hezkuntzako lanpostuak Bigarren zein Haur Hezkuntzako irakasleei zuzenduta daude. Bigarren Hezkuntzan hainbat espezialitateko 60 plaza euskarazkoak izango dira; Haur Hezkuntzan, berriz, 73.
Administrazio Nukleorako lanpostuei dagokienez, honakoak dira espezialitateen arabera ordenatuta: Enpresa Zientzietan diplomatutakoak, 33; Lehen mailako Ofizialak, 20; Mantenu-lanetako Ofizialak, 19; Ogasuneko Kudeatzaile eta Ikertzaile Laguntzaileak, 17; Liburutegiko Arduradunak, 16; Herri Administrazioko Teknikariak, 13 (arlo juridikoa); Nafarroako Foruzaingoa, 12; Zerbitzu Orokorrak, 11; Ogasuneko Teknikariak, 8; Arkitektoak, 7; Suhiltzaileak, 7; Aholkulari Juridikoak, 3; eta Telekomunikazioetako Ingeniariak, beste 3.