Ekonomia -
EAEko zerga sistema
Opor fiskalen isunak 20na euroko kostua ekarriko lieke herritarrei
Ignacio Zubiri Ogasun katedradunak ohartarazi du azkenean herritarrek ordaindu beharko dutela Europako agintarien isuna.
Erredakzioa
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak berretsi egin du ostegun honetan 90eko hamarkadan Euskadin enpresa berriei emandako laguntzak, hots, ''opor fiskalak'' delakoak, legez kanpokoak direla.
Nolanahi ere, oraindik hainbat zalantza daude argitzeko: zenbatekoa izango da balizko isuna, nork ordaindu beharko duen eta nortzuek itzuli dituzte jada aipatu laguntzak.
Europako agintariek 50 milioi euro inguruko isuna eskatu dute, eta Bizkaiko Aldundiaren iturrien arabera, 2012 edo 2013 urtean iritsiko liteke.
Isuna Espainiako Erresumari zuzenduta egongo da, baina seguru aski EAEko aldundiek ordaindu beharko dute. Hori horrela, Ignacio Zubiri Ogasun katedradunak ez du zalantzarik: dirua herritarren poltsikoetatik aterako da.
"Txantxak 20 euro per capita kostatu digu", azaldu du, Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketa batean. Are gehiago, ez du baztertu herritar bakoitzak ordaindu beharreko kopurua 40 eurora iristea.
Luxenburgoko epaiaren ostean euskal enpresaburuek biktimarena egin dutela eta, katedradunak adierazi du "jakin" bazekitela, laguntzak jaso zituztenean, "arriskua" zegoela. "Laguntzak zilegiak zirela erakusten saiatzen tematu dira, eta horrek isun handia ekarriko die Euskadiko bizilagunei", esan du.
"Opor fiskalekin lanpostu ugari sortu zirela esaten dute, [isuna] horren prezioa dela, baina ez da egia", gaineratu du.
Opor fiskalen auzia itxita, oraindik ere 90eko hamarkadan emandako beste bi laguntza motaren epaiak ezagutzea falta da, eta aurrekariak ikusita, inork gutxik zalantzan jartzen du foru aldundien interesen aurkakoak izango direla.