Ekonomia -
Elikagai krisia Europan
'E.coli' bakterioaren jatorria ez dago soja-kimuetan
Susmagarri zen nekazaritza-ustiategian egindako analisien emaitzak negatiboak izan dira. Bestalde, Europar Batasunak nekazarientzako laguntzak aztertuko ditu gaur.
Erredakzioa
Alemanian ''E.coli'' bakterioaren agerraldia eragiteagatik susmagarri ziren soja-kimuetan egindako analisien emaitza negatiboa izan da, eta, beraz, oraindik ez dakite non eta nola hasi den izurritea, herrialde horretako agintariek ohartarazi dutenez.
Atzo, agintariek esan zuten agerraldiaren jatorria Saxonia Beheko nekazaritza-ustiategi batean egon zitekeela, eta ondorioz eremua itxi egin zuten eta haren produktuak merkatuetatik kendu zituzten.
Dagoeneko 23 pertsona hil dira (horietako bat, Suedian) ''E.coli'' bakterioak jota, eta guztira 2.200 pertsona kutsatu dira 12 herrialdetan.
Nekazarientzako funts berezia
Bien bitartean, Europar Batasuneko Nekazaritza ministroek ezohiko bilera egingo dute gaur Luxenburgon, pepinoen krisiak kaltutako nekazarientzako laguntzak aztertzeko.
Izan ere, hasiera batean, Alemaniako agintariek Espainiatik inportatutako pepinoei egotzi zieten izurritea, eta ateak itxi zizkieten Espainiako barazkiei. Errusiak, gainera, betoa jarri die Europako barazki guztiei.
Rosa Aguilar Espainiako Ingurumen ministroa bilerara joango da, eta kalteen % 100 ordaintzeko exijituko du.