Ekonomia -
Lanbideren txostena
Hazi egin da EHUko ikasle ohien laneratzea; soldata arrakalak bere horretan dirau
2015eko promozioko emakumezkoek gizonezkoek baino % 8 gutxiago kobratzen dute, eta lanaldi murriztu gehiago izaten dituzte (gizonezkoek baino 13 puntu gehiago)
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikasleen laneratzeari buruzko azken inkestaren arabera, 2015eko promozioko ikasleen % 85ek prestakuntzari lotutako enplegua dute, titulazioa eskuratu eta hiru urtera. Datu on horri kontrajarriz, soldata arrakalak bere horretan dirauela ere agerian utzi du txostenak: emakumezkoek gizonezkoek baino % 8 gutxiago kobratzen dute, eta lanaldi murriztu gehiago izaten dituzte.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak aurkeztu dituzte gaur txostenaren emaitzok. Lanbidek galdeketa egin die 2015ean ikasketak bukatu zituzten 6.981 ikasleri (% 72).
Bildutako datuen arabera, egun 28-29 urte dituzten EHUko ikasle horiek "1.500-1.600 euro bitarteko batez besteko soldata" dute. Artolazabalen esanetan, "2015eko promozioaren laneratzeari buruzko datuak positiboak dira, baina gogoan dugu lanean jarritu behar dugula, datu horiek hobetzeko".
Txostenak badu itzalik: Emakumezkoek soldata arrakala pairatzen dute. Izan ere, gizonezkoek batez beste 1.618 euro jasotzen dituzte lanaldi oso bategatik; baldintza berdinetan, 1.500 euro kobratzen dute emakumezkoek. Lanaldi murriztuetan mutilek 900 euroko soldata dute; neskek, 849 eurokoa.
Hala, sailburuak emandako datuen arabera, unibertsitate ikasketak dituzten emakumezkoen % 27k lanaldi murriztuko lanpostu bat dute, gizonezkoek baino 13 puntu gehiago.
Bestalde, Balluerkak nabarmendu duenez, 2015eko promozioen lanaratze datuak krisi aurreko aldiaren antzekoak dira, eta soldata eta behin-behinekotasun datuak hobetuta. Errektorearen arabera, 2015eko promozioko ikasle ohien % 25ek enpresa publikoan lan egiten dute.
Artolazabal eta Balluerka, aurkezpenean. Argazkia: EFE
Langabezia gutxien eta hobekien ordaindutako ikasketak
Ikasketa ezberdinek dituzten laneratze tasak eta soldatak aztertu dituzte txostenean. Horren arabera, ingeniarien % 100k lanpostua topatu zuten iaz. Nautikan graduatuek 2.500 eurotik gorako batez besteko soldata dute.
Gizarte Zientzien alorrean bestelakoa da egoera: batez beste 1.480 euro jasoten dituzte. Gizarte Antropologikoako ikasleek dituzte lanaldi oso gehien (% 68). Zientzia Esperimentalak ikasi zituztenek 1.290 euroko soldata kobratzen dute batez beste; matematikariek, 1.400 euro. Fisikan eta Elikagaien Zientzien eta Teknologian graduatuen % 100k lanpostua topatu zuten iaz.
Gizarte Zientzietako ikasleek 1.448 euroko batez besteko soldata dute. Publizitate eta Harreman Publikoetako ikasleen dituzte lanaldi oso gehien ( % 88).
Osasun arloan, batez besteko soldatak 1.795 eurokoak dira: medikuena apur bat handiagoa da (1.870 euro). Odontologian, esaterako, ez dago langabeziarik.
Ikasketa ekonomiko-juridikoei dagokienez, lan-harremanak amaitzen dituzten ikasleek 1.500 eurotik gorako soldata jasotzen dute, eta, gainera, langabezia-tasa txikiena dutenak dira (% 3,8). Hala ere, lanpostu gehiago daude Administrazio eta Enpresen Zuzendaritza ikasten dutenentzat.
Gainera, lau pertsonatik hiruk unibertsitatean egindako ikasketarekin lotura duen lanpostu bat lortzen dute, eta ikasketak amaitu ostean enplegua lortzen dutenen % 80k Euskadin egiten dute lan. Ildo horretatik, euskal unibertsitateak enpresek eskatzen dituzten profil profesionalak eskaintzea eta talentu hori euskal enpresetan geratzea ona dela nabarmendu du errektoreak.