Ekonomia -

Inkesta

Pobreziak % 6,9 egin du gora 2016tik EAEn, eta % 46 azken hamarkadan

EH Bilduk uste du datu horiek Iñigo Urkulluren Jaurlaritzaren gizarte politiken aurkako "osoko zuzenketa" direla.

Pobreziaren aurkako protesta Ezkerraldean. Argazkia: EiTB
Pobreziaren aurkako protesta Ezkerraldean. Argazkia: EiTB
Pobreziaren aurkako protesta Ezkerraldean. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko 130.965 herritar benetako pobrezia egoeran daude, 2016an baino % 6,9 gehiago, eta 2008an baino % 46 gehiago. Gainera, ongizate gabeziak 270.294 herritarri eragiten die, 2016an baino % 17,3 gehiagori.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak egindako inkestaren emaitzetan daude datu horiek.

Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkideak eman du txostenaren berri, eta kritikatu egin du ez izatea Beatriz Artolazabal sailburua azalpenak eman dituena.

Koalizioko legebiltzarkideak salatu du datuak ez direla onak, eta Iñigo Urkulluren Jaurlaritzaren gizarte politiken aurkako "osoko zuzenketa" direla.

Benetako pobrezia egoeran dauden 130.965 pertsonak EAEko biztanleriaren % 6,1 dira, eta ongizaterik ez dutenak, % 12,5. Pobreziaren gorakada % 6,9koa da 2016ko datuekin alderatuz gero, eta bereziki esanguratsua da hamarkada osoa (2008-2018) aintzat hartuta, % 46koa baita igoera.

Ongizaterik ez dutenen kasuan, kopuruak % 17,3 egin du gora 2016tik; eta % 62,1, 2008tik.

Horiekin batera, 172.307 pertsona (biztanleriaren % 8) daude pobre izateko arriskuan, 2016an baino % 14 gehiago, eta 2008an baino % 41,4 gehiago.

Kontrako aldean, elikadura arazo larriak (46.149) edo oso larriak (39.111) dituztenen kopuruak behera egin du, % 40tik gora hain zuzen ere. Hala ere, 25.674 pertsona bizi dira gosea pasa duten etxeetan, 2016an baino % 30 gutxiago, baina 2008an baino % 20,7 gehiago.

Ezusteko gastuei aurre egiteko gaitasunik ez duten herritarrak % 23,1 dira (2016an baino % 27,6 gehiago), eta % 20,1ek ezin du astebetetik gorako oporrik hartu arazo ekonomikoengatik (% 6,3ko igoera).

Benetako pobrezia egoeran dauden gehienak (% 44,7) seme-alabak dituzten bikoteak dira, % 29,4 guraso bakarreko familiak, % 19 norbanakoak, eta % 6,8 seme-alabarik gabeko bikoteak. Portzentaiak antzekoak dira ongizate faltari dagokionez.

Kortajarenak ohartarazi duenez, "datu guztiak 2000 baino lehenagoko egoerara itzuli dira", eta "modu gordinean" erakusten dute lan prekarietatea. Aitortu du emaitzak ez direla "ezustekoak", baieztatu egiten dutelako hobekuntza ekonomikoa ez dela "herritar guztiengana" iristen, eta berretsi du babes sozialaren euskal sistema erreformatu behar dela "eskubideak handituz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak