Ekonomia -

2019ko ekaineko datuak

KPIak ez du aldaketarik izan ekainean Hego Euskal Herrian

Kontsumoko prezioen indizeari dagokionez, EAE eta Nafarroa dira Estatuko urteko tasa altuenak dituzten erkidegoak: % 0,8 eta % 1.

Turismoa Bilbon. Argazkia: Carlos Merino Silva
Turismoa Bilbon
Turismoa Bilbon. Argazkia: Carlos Merino Silva

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzeko datuekin alderatuta, kontsumoko prezioen indizeak (KPI) ez du aldaketarik izan ekainean, Euskal Autonomia Erkidegoan. Modu horretan, urteko batezbesteko tasa % 0,8koa da oraindik ere.

Iragan hilabetean, Estatuko autonomia erkidego guztietan egin zuen behera KPI tasak, eta EAEn izan zuen jaitsiera nabarmenena (bi hamarren, aurreko hilabetearen aldean).

Prezioen gorakada handiena, bestalde, Aisialdi eta Kultura sektorean izan da (% 2,1). Horrez gain, Besteak (% 0,3), Elikagaiak eta Edari ez alkoholikoak (% 0,6), Edari Alkoholikoak eta Tabakoa (% 0,4) eta Sendagaiak (% 0,1) sektoreetan ere gora egin dute prezioek.

Nafarroako datuak

Ekaineko datuei erreparatuz gero, EAE eta Nafarroa dira Estatuko urteko tasa altuenak dituzten erkidegoak: % 0,8 eta % 1.

Prezioen indizeari dagokionez, Nafarroan ere ez da aldaketarik egon, maiatzeko datuekin alderatuta.

Zehazki, Aisialdian eta Kulturan igo dira, batik bat, prezioak (% 2,3). Elikagaiak eta Edari ez alkoholikoak (% 0,9), Hotelak, Kafetegiak eta Jatetxeak (% 0,5) eta Etxeko tresneria (% 0,3) sektoreetan ere gorakada izan da.

Asteazken honetan Estatistika Institutu Nazionalak argitaratutako datuen arabera, Estatuan prezioek % 0,1 egin dute gora, maiatzetik ekainera. Urteko tasa, berriz, % 0,4an kokatu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak