Ekonomia -
5.600 langileri eragingo lioke
Telefonica hiru urteko epean langileen %20 kaleratzea aztertzen ari da
Murrizketa aplikatuko balitz, 5.600 langile inguru kaleratuko lituzkete. Bestalde, telefonia enpresako zuzendaritza eta langileak konpainiako akzioekin sustatzea aurreikusten dute.
Erredakzioa
Telefonica Espainian duen aktibitatearen produktibitatea eta malgutasuna indartzeko,beste formula batzuen artean, hiru urteko epean langileen %20 kaleratzea aztertzen ari da, Baloreen Merkatuaren Komisio Nazionalak egindako aurkezpenaren arabera.
Telekomunikazio konpainiaren Espainiako presidenteak, Guillermo Ansaldok zehaztu du murrizketa hori batez ere telefonia finkoari aplikatuko zaiola. Modu horretan, konpainiak egun 32.000 langile baditu Espainian, 5.600 kaltetuko lirateke murrizketarekin.
Konpainiako iturriek adierazi dutenez, aztertzen ari diren neurria da eta horrek ez du esan nahi beharrezkoa dela aurrera eramatea; gogorarazi dute Telefonicak zentzu horretan doan edozein ekintza negoziatuko duela sindikatuekin.
Aurkezpen horretan gaineratu dutenez aplikatu beharreko neurrietako batzuk Telefonicaren aktibitate batzuk enpresaz kanpoko hornitzaileei ematea edo langileak berregituratzea izango lirateke; beti ere, malgutasun gehiago lortzeko eta herrialdearen errekuperazioan egon daitezkeen atzerapen posibleak orekatzeko.
KPIarekin baino gehiago ekoizpenarekin lotuta dauden soldatak aztertzea posible dela esan du baita ere Telefonicaren Espainiako presidenteak. Era berean, gogorarazi du Espainian kostuak murrizteko asmoa dela-eta, zuzendaritza postuetako soldatak %6 jaitsiko direla.
Konpainiak emandako zifren arabera, 2010ean Telefonicak Espainian 18.711 milioiko diru-sarrerak izan zituen, aurreko urtean baino %5 gutxiago. Jaitsiera hori bezeroen kontsumo murrizketagatik eta konpetentzia areagotu delako izan omen da batik bat.
Telefonicaren akzioak Bestalde, Telefonicak iragarri duenez, zuzendaritzako kideak eta langileak epe luzerako bi plan pizgarrirekin sustatzeko asmoa du; konpainiaren akzioak emango dizkie ordainketa aldagarriarekin, telekomunikazio enpresak Baloreen Merkatuko Komisio Nazionalari azaldu dionez.
Maiatzaren 17an egingo den akziodunen batzordean, konpainiak, soilik zuzendaritza taldeari zuzendutako plan bat onartzeko asmoa du; horren arabera, 1.900 agintari inguruk gehienez 450 milioi jasoko dituzte bost urtetako hiru ziklotan. Datorren uztailaren 1ean hasiko omen dira plan hori aurrera eramaten 2014ko uztailaren 1ari dagozkion akzioak entregatuz.
Bestalde, telekomunikazio enpresak pizgarriak mugatzen dituen epe luzerako plan bat proposatu du konpainiaren iraunkortasunari lotuta dauden langileei eta zuzendaritzari zuzenduta. Proposamen honetarako 50 milioi euro bideratzea aurreikusten dute.