Ekonomia -

Ekimena

Aurretiazko erretiroko kalte-ordainak itzultzea aztertuko du Legebiltzarrak

Krisi garaian pizgarriak emateari utzi zion Jaurlaritzak. Horiek itzultzearen alde egin dute PP, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeek. EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute.

Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Legebiltzarra, osoko bilkura batean
Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2012an, krisi garaian, aurretiazko erretiroa hartzen zuten EAEko langile publikoei ordura arte emandako pizgarriak ordaintzeari utzi zion Eusko Jaurlaritzak. Orain, kalte-ordain horiek itzultzea aztertuko du Eusko Legebiltzarrak. Alderdi Popularrak eraman du lege proposamena ganberara, eta talde horren botoak ez ezik EH Bildurenak eta Elkarrekin Podemosenak ere jaso ditu ekimenak. EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute.

Eusko Jaurlaritza bera kalte-ordainak itzultzearen kontra agertu zen martxoan, "neurriz kanpoko gastua" ekarriko duela eta negoziazio kolektiboan "eragina" izango duela argudiatuta.

Legebiltzarrak, ordea, ekimena izapidetzea adostu du. Proposamena aldatzeko zuzenketak aurkeztuko dituzte orain taldeek.

EAEko eskola publikoetako 2.000 irakasleri eragiten dio neurriak. PPren proposamenak bi artikulu ditu: lehenengoak "aurretiazko erretiroagatik onartutako sari, pizgarri, kalte-ordain edota laguntzak" itzultzea du jasota (2011tik atzeraeragina izango du); bigarrenak, "egoera bertsuan dauden langile publiko guztiek 2020tik aurrera hiru urteko epean galdutako guztia berreskura dezatela".

Adostuz Euskadiko Irakasle Jubilatuen Elkarteak pozez hartu du ekimena, Eusko Legebiltzarrean kazetariei egindako adierazpenetan erakutsi dutenez.

Elkarteko kideen ustez, kalte-ordainak itzultzea "bidezkoa" da. "Bidezkoa ez dena da guri halako iruzurra egitea", nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Funtzionarioak Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi