Ekonomia -
Finantza produktu berria
Nafarroak 'bonu berde eta sozialak' jaulkiko ditu aurten, lehen aldiz
50 milioi euroko balioarekin merkaturatuko dituzte. Ogasun kontseilariaren hitzetan, arlo horretan 'lehen tokietan' kokatu da Nafarroa, bonuak ateratzen dituen hirugarren erkidegoa baita.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak "bonu berde eta sozialak" jaulkiko ditu aurten, lehen aldiz eta 50 milioi euroko balioarekin. Helburua gardentasuna sustatzea eta garapen jasangarria finantzatzea da, Mikel Aranburu Foru Gobernuko Ogasun eta Finantza Politiken kontseilariak nabarmendu duenez.
Jaulkipena Bonu Jasangarrien Merkatuaren bidez egingo dute. Jasangarritasunarekin lotutako proiektu eta ekintzak finantzatzeko erabiliko dituzte. Lehen ordainketa apirilerako egitea aurreikusi dute.
Aurretik Eusko Jaurlaritzak eta Madrilgo Gobernuak egin dituzte tankerako jaulkipenak. Aranbururen hitzetan, gaur gobernu bileran adostutako jaulkipen horrek arlo horretan "lehen tokietan" jarri du Nafarroa, Estatu osoan hori egiten duen hirugarren erkidegoa baita.
Tankerako proiektu bat abiatzen duen lehen erkidego txikia da, gainera, Nafarroa.
Proiektu berde eta sozialak finantzatzeko erabiliko dituzte bonuak. Lehenengoei dagokienez, honako helburuak izango dituzte kontuan: jasangarritasun energetikoa, energia berriztagarriak, kutsadurari aurrea hartzea eta kontrolatzea, uraren erabilera jasangarria edota hondakin-uren erabilera eta eraikin ekologikoak.
Bonu sozialen kasuan, honako xedeak dituzten proiektuetara egongo dira zuzenduta: etxebizitza irisgarriak, enpresa ertain eta txikietan enplegua sortzea, hezkuntza maila txikia duten pertsonei laguntzea, aurrerapen sozio-ekonomikoa, oinarrizko zerbitzuetara sarbidea erraztea, bereziki ahulak diren herritarrei laguntzea edota elikadura-segurtasuna.