Ekonomia -
123.000 euroko kalte-ordaina
Labe Garaiek amiantoagatik hildako langile bati ordaindu beharko diote
CCOO sindikatuaren esanetan, Javier de Castrori mesotelioma bat eragin zioten Bizkaiko Labe Garaietako lan-baldintzek eta 2007ko urrian hil zen.
Erredakzioa
Bilboko epaitegi batek Bizkaiko Labe Garaietako (AHV) CCOO sindikatuko buruzagi historiko baten alargunari arrazoia eman dio. Horrela, enpresak 123.000 euro kalte-ordaina ordaindu beharko dizkie langilearen largunari eta seme-alabei, "lantegian segurtasun neurririk ez zelako", sindikatuak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez.
CCOO sindikatuaren esanetan, Javier de Castrori mesotelioma bat eragin zioten lantegiko lan-baldintzek eta 2007ko urrian hil zen.
Nahiz eta gaixotasun profesionalaren arriskua ezagutu eta arautua egon, AHVk "ez zien langileei arriskuaren berririk eman, ezta giroaren neurketarik egin ere; prebentzio neurririk ez zuen hartu, ezta osasun azterketarik egin ere".
Udan zigortua
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak dagoeneko iragan udan zigortu zuen enpresa, sindikatuak jakinarazi duenez. Gaixotasuna dela eta, beharrezko izan diren prestazioetan % 30 gehiago ordaintzera zigortu zuen auzitegiak.
Epaiaren aurka helegitea aurkez dezake enpresak oraindik. Baina oraingoan AHVren errekurtsoa atzera bota du auzitegiak. Era berean, CCOOk azaldu duenez, "amiantoa zuzenean erabiltzen zuten langileei soilik prebentzio neurriak aplikatzea enpresaren akatsa" izan zela dio sententziak, izan ere, "gainerako langileek amiantoaren zuntzekin kutsatutako airea arnasten zuten".
Sindikatuaren hitzetan, enpresaren erantzukizuna argi uzten duten oinarrizko hiru elementu ematen dira auzian: "kalte nabaria (heriotza), lan-osasun baldintzen urraketa eta bi aspektu horien arteko lotura.