Ekonomia -
Ogasuna
Gipuzkoa aitatasun bajen PFEZa berriro kalkulatzen hasi da
Eskaera egin duten zergapekoei PFEZ aitorpena automatikoki berriro zenbatuko die Ogasunak, baita zuzenketa eskakizuna aurkeztu duten ezkonlagunei edo izatezko bikoteei ere.
Agentziak | Erredakzioa
Aitatasun bajen zerga-salbuespena kontuan hartuta, Gipuzkoako Ogasunak azken urteetako PFEZa berriz kalkulatzeko prozedura abiatu du astearte honetan.
Foru erakundeak agiri batean jakitera eman duenez, eskaera egin duten zergapekoei PFEZ aitorpena automatikoki egingo die berriro Ogasunak, baita zuzentzeko eskaria egin duten ezkonlagunei edo izatezko bikoteei ere, amatasun eta aitatasun bajen salbuespen fiskalaren ondorioz.
Oraindik eskakizuna egin ez dutenek eskaera-inprimakia aurkeztu beharko dute. Formularioa foru erakundearen webgunean, Ogasuneko bulegoetan edo Zergabidea plataforman dago eskuragarri.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak dagoeneko eman dizkio diru-laguntzen datuak Ogasunari, eta, hori dela eta, zergadunek ez dute agiri gehiago aurkeztu behar eskaerarekin batera.
2018 ekitaldiko amatasun eta aitatasun diru-laguntzei dagokienez, aurtengo ekitaldiaren errenta aitorpenean erregularizatuko dituzte, apiriletik ekainera bitartean.
Amatasun diru-laguntzak salbuetsita uztea erabaki zuen Auzitegi Gorenak, eta Gipuzkoako Ogasunak gehienak itzuli ditu jada.
Kalkuluen arabera, lurraldeko 34.134 zergapekori eragiten dieten 42.383 amatasun edota aitatasun diru-laguntza daude, baina itzuli beharreko zenbatekoa ez dute oraingoz zehaztu.