Ekonomia -
2018ko datuak
Ia 15.000 milioi euro bilduta, errekorra lortu zuten iaz EAEko Ogasunek
Bizkaiak, guztira, 7.740 milioi euro bildu ditu. Gipuzkoako Ogasunak, berriz, 4.837,4 milioi euro jaso ditu, eta Arabakoak 2.404.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Foru Ogasunak 7.740 milioi euro bildu zituen iaz. Horrenbestez, 2017ko datuekin alderatuta, % 3,2 egin du gora lurralde horretan zergen bidez bildutako diru-kopuruak.
Foru Aldundiko iturriek jakitera eman dutenez, 314,7 milioi euroan gainditu dute aurrekontuan aurreikusitako kopurua (7.452,3 milioi), eta 149,0 milioi euroan urriaren 11n Finantzen Euskal Kontseiluak egindako balioespena (7.591,0 milioi).
Iturri horien arabera, Errentaren eta Sozietateen zergek egin dute gora, bereziki: % 3,2 lehenak eta % 40,1 bigarrenak. Horrek lanaren, kontsumoaren eta jarduera ekonomikoaren hobekuntza islatzen du.
Zehazki, 3.860,7 milioi eurokoa izan da zuzeneko diru-sartzea; 2017an baino % 9,9 handiagoa.
Zeharkako diru-sartzeak, berriz, 3.071,4 milioi euro bildu zituen, hots, % 6ko hazkundea izan zuen. BEZa eta zerga bereziak barne hartzen ditu horrek.
Gipuzkoak inoizko diru-bilketa handiena lortu du: 4.837.4 milioi
4.837,4 milioi euro bildu zituen iaz Gipuzkoak. Hau da, % 3,6ko hazkundea izan zuen, eta inoizko diru-bilketa handiena.
Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza foru-diputatuak "bikaintzat" jo du urtea.
Larrañagak agiri batean jakinarazi duenez, 2017. urtea "ohiz kanpokoa" izan zen Kupoaren gatazkaren ebazpenaren harira lortutako baliabideak direla eta. Hori horrela, pozik agertu da, 2018. urtea aurrekoan lortutakoa gainditzea lortu baitute.
Datuak zergaz zerga aztertuta, Errentaren zergaren harira, Gipuzkoako Ogasunak 83,7 milioi euro jaso zituen, % 5,5 gehiago, laneko errendimenduengatik. Ondareen irabazien gaineko atxikipenenak % 27,4 hazi ziren (10,9 milioi); higigarri eta higiezinen ondareenak, berriz, % 4,9 (4,6 milioi) eta % 3,8 (milioi bat) hazi dira, hurrenez hurren.
Arabak 2.404 milioi euro bildu zituen
Arabako Foru Ogasunak 2.404 milioi euro bildu zituen 2018an: % 4,4ko hazkundea (2017an baino 101 milioi euro gehiago). Beraz, duela urtebete egindako aurreikuspenak aise gainditu ditu.
Zerga bakoitzari erreparatuz gero, nabarmentzeko modukoa da zuzeneko ordainketek izan dutela hazkunde handiena (% 12,6). Guztira, 1.158 milioi eurora iritsi da zuzeneko zergen bidez jasotako diru kopurua, 2017an baino 130 milioi gehiago.
Horietatik 74 milioi PFEZren bilketatik jaso dituzte, eta 44 milioi Sozietateen gaineko Zergatik.