Ekonomia -
Lan-gatazka
Bilbobuseko sindikatuek aurre-akordioa egin dute enpresarekin
Langileen asanbladak deitu dituzte datorren asteartean, ituna onartu ala ez erabakitzeko. Hortaz, behin-behinean bertan behera utzi dute astelehenean hasi behar zuten greba mugagabea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CCOO, UGT eta USO sindikatuek aurre-akordioa egin dute Bilbobus kudeatzen duen enpresarekin, eta datorren asteartean langileen asanbladak deitu dituzte, ituna berretsi edo atzera botatzeko. Gauzak horrela, datorren astelehenean abiarazi behar zuten greba mugagabea behin-behinean gelditzea erabaki dute. Astearteko bozketaren ondotik erabakiko dute lanuzteekin jarraitu edo ez.
CCOO sindikatuaren arabera, akordio honen bidez mugagabe bilakatuko diren langileen kopuruak gora egingo du, eta 17 izango dira guztira; 15 aurten eta bi 2020an. Horrez gain, lan-poltsaren kudeaketa Bilboko Udalaren esku egongo da.
Sindikatu horren hitzetan, beste hobekuntza batzuk ere lortu dituzte: pilatutako orduak libratzea eskatu dezaketen langileen kopurua handitzea; gidariei beren lan zentrora Bilboko auzo guztietatik bueltatu ahal izateko zerbitzua eskaintzea; eta lanegunak murriztea, kontratazio berriak bultzatuz.