Ekonomia -
AHT
Atxondo-Abadiño zatiko lanak lizitatu dituzte, 115,43 milioi euroan
EAEtik igarotzen diren Abiadura Handiko Treneko linea guztien lanak kontratatuta edo abian dira jada, Elorrio-Elorrio zatiarenak izan ezik, idazketa fasean baitago proiektua.
Agentziak | Erredakzioa
Adifek 115.437.928 milioi euroan lizitatu ditu Gasteiz-Bilbo-Donostiari dagozkion Abiadura Handiko Trenaren Atxondo-Abadiño zatiko lanak; lanek 30 hilabete iraungo dute.
Adifek jakitera eman duenez, EAEtik igarotzen diren Abiadura Handiko Treneko linea guztien lanak kontratatuta edo abian dira jada, Elorrio-Elorrio zatiarenak izan ezik, idazketa fasean baitago proiektua.
Hori horrela, Adifeko arduradunen esanetan, "azpiegituraren garapenari bultzada erabakitzailea emango diogu".
Atxondo-Abadiño zatia Elorrio, Atxondo eta Abadiñotik igarotzen da. Bide nagusiak 5.660,77 metro eta bi noranzko izango ditu; gainera, bide bakarreko bi adar izango ditu, 914,51 eta 941,48 metrokoak hurrenez hurren.
Besteak beste, proiektua aurrera ateratzeko lurrak mugituko dituzte eta plataformaren eta bideen drainatze transbertsala egiteaz gain, areken eta zorroten definizioa gauzatuko dute.
Gainera, errepideak eta ur-lasterrak gainditzeko zortzi zubi eraikitzeko asmoa dute, baita gaineko hiru pasabide eta tarteko puntu ezberdinetan beharrezkoak diren bide eta sarbide guztiak ere.
Trenbide bikoitzari itsatsita plataforma bat eraikiko dute, eraikin tekniko bat hartzeko: guztira, 3.000 metro karratuko azalera izango du. Hala ere, egoitza hori eraikitzeko beste kontratu bat egingo da. Instalazio lagungarrientzako eta lurra pilatzeko beste 15.000 bat metro karratu izango dituzte.
Larrialdi irteera berriak
Era berean, Gasteiz-Bilbo-Donostia abiadura handiko tartearen tuneletan, Arabako eta Bizkaiko hiriburuak lotzen dituen ibilbidean, larrialdi irteera berriak eraikitzeko lanak lizitatu ditu Adifek: 39.401.342 euro.
Lanak bukatzeko 27 hilabete beharko dituzte. Eskoriatza, Aramaio, Arrasate, Elorrio, Durango, Izurtza, Zornotza, Lemoa, Galdakao eta Zaratamon ebakuaziorako 10 galeria egingo dituzte zazpi tuneletan.
Kasu guztietan, ebakuaziorako zuloak tunel nagusiarekin paraleloan joango dira, 30 metroko distantziara. Horrela, irteera beti egongo da eraikitako ebakuazio plataforma batean, Adifek azaldu duenez.