Ekonomia -
Lan-istripua
Behargin bat hil da Etxebarrin ArcelorMittalek duen lantegian
“Lan-istripu ez traumatiko larria” salatu du ELAk. Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, hildakoa ondoezik sentitu zen, eta enpresako talde medikoak berak ospitalera bidali zuen.
Agentziak | Erredakzioa
54 urteko behargin bat hil da Etxebarrin (Bizkaia) ArcelorMittalek duen lantegian, ELAko iturriek jakitera eman dutenez. Ondoezik sentitu ondoren hil da.
“Lan-istripu ez traumatiko larria” izan dela salatu du ELAk agiri baten bidez. Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, hildakoa ondoezik sentitu da, eta enpresako osasun zerbitzuak ospitalera bidali du.
ELAk elkartasuna eta babesa adierazi die hildako langilearen senide eta lagunei, baita lankideei ere.
“2019an gertatutako aurreneko lan-istripu larria da”, sindikatuaren hitzetan. “Aurreko urteetako estatistikak ikusita, azken urteetan lan-istripu ez traumatiko larriek nabarmen gora egin dutela azpimarratu beharra dago”, azaldu du ELAk.
ELAren arabera, gertatutakoaren “arrazoi nagusiak prekarietatea eta lan-baldintza okerrak dira”.
“Administrazioak eta prebentzio erakundeek istripu ez traumatikoen gorakadaren arrazoiak ikertu beharko lituzkete neurriak martxan jarri ahal izateko, nahiz eta neurriok patronalaren interesen aurkakoak izan”, erantsi du.
Sindikatuak esan du ez lukeela nahi aurten 67 pertsona etxera ez itzultzea lantokian hil direlako, iaz bezala.
“Egoera larriaren aurrean, langileria eta gizartea enpresetan zein kalean antolatu eta mobilizatzera deitzen ditu ELAk, lan-baldintza duinak lortzeko helburuarekin; istripuak bukatzeko eta bizirik etxera bueltatzeko eskubidea bermatzeko”, azpimarratu du.