Ekonomia -

Lan-gatazka

Bertan behera utzi dituzte Ezkerraldeko eta Enkarterriko Bizkaibusen lanuzteak

Ezkerraldea-Meatzaldea Bus enpresako langileek zuzendaritzak aurkeztutako azken proposamena onartzea erabaki dute.

Bizkaibuseko lan-gatazka. Argazkia: Iker Salgado
Hainbat lagun ilaran, Bizkaibuseko zerbitzua erabiltzeko
Bizkaibuseko lan-gatazka. Argazkia: Iker Salgado

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezkerraldea-Meatzaldea Bus (EMB) emakidadun enpresako langileek bertan behera utzi dute urtarrilaren 8rako aurreikusita zuten 24 orduko greba, zuzendaritzak proposamen bat helarazi baitie, eta bilerak egingo dituzte horren inguruan eztabaidatzeko. EMB Bizkaibusen zerbitzuaren arduraduna da Ezkerraldean eta Enkarterrin.

CCOO sindikatuko iturriek jakinarazi dutenez, sindikatuen "gutxieneko premisak" betetzen dituen proposamena egin zien enpresako zuzendaritzak atzoko bileran, baina langileen esku utzi dute proposamena onartzea ala mobilizazioak egiten jarraitzea.

CCOO enpresa-batzordeko sindikatu nagusia da, sei ordezkari baitauzka, UGT sindikatuak adina; ELAk, berriz, lau ditu, eta LABek bat. CCOOren arabera, proposamena "eztabaidatzeko modukoa" da eta "aurreakordioa hitzartzeko oinarria" izan daiteke.

Hori dela eta, gaurko deituta zegoen lanuztea bertan behera utzi eta biltzarrak egin dituzte, goizez eta arratsaldez, langileei eskaintza horren berri emateko. Langileen gehiengoak enpresak egindako azken eskaintza onartzea babestu du.

Hortaz, bertan behera geratu dira EMBko langileek astelehenetik ostiralera urtarrilean egin behar zituzten 24 orduko lanuzteak, eta otsailaren 1ean hastekoa ziren greba mugagabea.

Bestalde, Pesalur enpresako langileek mobilizazioak egiten jarraitu dute lan-hitzarmena negoziatzea eskatzeko, eta 24 orduko greba egiten ari dira gaur Durangaldeko, Nerbioi Garaiko eta Arratiako zerbitzuan.

ELAko iturrien arabera, Pesalur enpresako langileen erantzuna erabatekoa izan da. Urtarrilaren 14an eta 17an ere, 24 orduko greba egingo dute, eta greba mugagabea egingo dute urtarrilaren 21etik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Bizkaibus Eguneko albisteak Albisteak Bizkaibusen ordutegiak Lan gatazkak azken ordukoa Enkarterri Garraio publikoa gaur