Ekonomia -
Eusko Jaurlaritza
EAEko 55.000 familiek jaso zuten iaz diru-sarrerak bermatzeko errenta
Inoiz baino diru gehiago erabili zuen Jaurlaritzak iaz laguntza horiek bideratzeko, ia 390 milioi euro.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko 55.020 familiek diru-sarrerak bermatzeko errenta jaso zuten 2010. urtean, aurreko urtean baino % 13 gehiago, gaur Gemma Zabaleta Gizarte Gaietarako sailburuak jakinarazi duenez.
Hedabideen aurrean egindako agerraldian azpimarratu duenez, iaz inoiz baino "diru gehiago" erabili zuen Eusko Jaurlaritzak laguntza horiek bideratzeko, ia 390 milioi euro.
Bestelako diru sarrerarik ez duten familientzako, pentsio oso baxuak dituztenentzako edota gutxieneko soldatarik beherako laguntzak jasotzen dituztenentzat osagarria dira diru-sarrerak bermatzeko errentak.
Autogobernuaren historian "inoiz izan den babes sarerik" zabalena izan dela azpimarratu du Gemma Zabaletak.
Hala ere, familia horien artean lan merkatuan sartzeko aukera izan dezakeenik badagoela esan du Gizarte Gaietarako sailburuak. Hori da, bere hitzetan, Lanbidek izango duen erronka.
Errenta hau jaso duten familiak % 10 igo dira Araban (7.129), % 15 hazi dira Bizkaian (ia 38.000 familietara heldu da) eta % 8 handitu da Gipuzkoan.