Ekonomia -
Bizkaiko 2019ko Aurrekontuak
Bizkaiak 2019rako Aurrekontuak onartu ditu, EAJren eta PSE-EEren babesarekin
Bizkaiko Foru Aldundiak 8.216,7 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urterako, aurten baino % 4,9 gehiago (58,6 milioi).
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Batzar Nagusiek 2019rako Aurrekontuak onartu dituzte ostegun honetan, Foru Gobernua sustengatzen duten EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Aitzitik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta PPk kontra bozkatu dute eta Talde Mistoko batzarkidea, ostera, abstenitu egin da.
Gauzak horrela, amaitu da Bizkaiko Aurrekontuen tramitazioa. 2019ari begira, 8.216,7 milioi euroko aurrekontua izango du Bizkaiko Foru Aldundiak, 2018an baino % 4,9 gehiago (58,6 milioi euro).
EH Bilduk, Ahal Duguk eta PPk hiru osoko zuzenketa aurkeztu zizkioten aurrekontu proiektuari, baina hilaren 12ko osoko bilkuran EAJk eta PSE-EEk atzera bota zituzten. Ondoren, 676 zuzenketa partzial jarri zituzten eta horietatik 13 baino ez dituzte kontuan hartu behin betiko Aurrekontuetan.
Gaurko osoko bilkuran egin den eztabaidan, proposamenak adosteko "borondate" falta egotzi diete oposizioko taldeek EAJri eta PSE-EEri. Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkideak salatu duenez, Aurrekontuei egindako zuzenketen % 81 EAJk eta PSE-EEk proposatutakoak dira.
Neskutz Rodriguez Ahal Duguko batzarkideak, bere aldetik, Bizkaia lurralde "kohesionatu, feminista, berdintasunezkoa, jasangarria eta solidarioa" izateko aukera galdu dela deitoratu du.
Javier Ruiz PPko batzarkideak ere Foru Gobernuaren jarrera kritikatu du eta adostasunak lortzeko gogorik ez izatea leporatu dio.
Bestalde, onartutako aurrekontu proiektuak bizkaitarren "lehentasunei" erantzuten dietela ziurtatu dute EAJk eta PSE-EEk.