Ekonomia -
Etxebizitza
Alokairuko kontratuak luzatzea onartu du Espainiako Gobernuak
Alabaina, alokairuko etxebizitzen prezioetan esku-hartzeari uko egin dio, PSOEk eta Unidos Podemosek egindako itunak esandakoa bete gabe.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak etxebizitza sektorean premiaz ezartzeko hainbat neurri onartu ditu ostiral honetan errege lege-dekretu bidez.
Ildo horretan, alokairuko kontratuak derrigorrez luzatzeko epea bost urtekoa izango da aurrerantzean, hiruko izan beharrean. Halaber, gehienez bi hilabeteko fidantzak eskatu ahalko dira, Jose Luis Abalos Sustapen ministroak azaldu duenez.
Dekretuak PSOEk eta Unidos Podemosek 2019ko Aurrekontuaren gainean egin zuten ituna urratzen duela ohartarazi dio Pablo Iglesiasek Pedro Sanchezi, Espainiako Gobernuak uko egin baitio alokairuko etxebizitzaren prezioan esku-hartzeari.
"Alokairuaren prezioak jaistea eta kontrolatzea adostu genuen, baina neurri hori ez dute dekretuan bildu", kritikatu du.
Espainiako Gobernuak ituna betetzen ez badu, Unidos Podemosek Pedro Sanchezen aurrekontu-proiektua babestuko ez duela azpimarratu du Iglesiasek.
"Atzera egingo dutela espero dugu", erantsi du.