Ekonomia -

Deustobarometroa

Lan-baldintza txarrak, EAEko herritarren kezka nagusia

Inkestatuen % 34k aipatu dute prekarietatea, ondoren langabezia (% 32), pentsioak (% 24) eta immigrazioa (% 23).

Lan-baldintza txarrak, EAEko herritarren kezka nagusia. Argazkia: EFE
Lan-baldintza txarrak, EAEko herritarren kezka nagusia. Argazkia: EFE
Lan-baldintza txarrak, EAEko herritarren kezka nagusia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan-baldintza kaskarrak Euskadiko herritarren kezka nagusia dira aurrenekoz, langabezia atzean utziz, Deustobarometroaren emaitzek azaldu dutenez. Deustuko Unibertsitateak sei hilerik behin egiten duen inkesta da, eta 2018ko neguaren emaitzak gaur kaleratu dituzte.

Inkestatuen % 34k aipatu dute prekarietatea, ondoren langabezia (% 32), pentsioak (% 24) eta immigrazioa (% 23).

Azken horri dagokionez, herritarren kezkak gora egin du udako datuekin alderatuta, baina ez dute “xenofobiarik” antzeman; izan ere, biztanleriaren gehiengoa etorkinentzako hezkuntza eta osasun sistema unibertsalaren aldekoa da, Maria Silvestre azterketako arduradunetako batek azpimarratu duenez.

Egoera ekonomikoaren aurrean, herritarren “etsipen ikaragarria” nabarmendu du Silvestrek; izan ere, gehiengoak (% 66) krisitik atera ez dela uste du, nahiz eta adierazle makroekonomikoek kontrakoa esan. Gainera, datorren urtean berdin jarraituko duela uste dute % 75ek.

Azken sei hilabeteetan elikaduran gastuak murriztu dituzte % 29k (% 23k haragi eta arrain kontsumoa murriztu du), eta portzentaje horrek gora egiten du aisialdi gastuei dagokionean (% 54).

“Etsipenez”, seme-alabak eurak “baino okerrago biziko” direla uste du ia erdiak (% 47), nahiz eta hezkuntza maila handiagoa izan, “orain arte sekula ikusi ez den” egoera, Silvestrek azpimarratu duenez.

DEUSTOBAROMETRO SILVESTRE EFE

DEUSTOBAROMETRO SILVESTRE EFE

Maria Silvestre azterketako arduradunetako bat. Argazkia: EFE

Agertoki sozioekonomikoaren beste “datu dramatiko” bat: lanean ari diren herritarren % 4k bakarrik uste dute lan-baldintzak hobetzeko negoziazio gaitasuna dutela.

Prekarietateari eta ezegonkortasun horri lotuta agertzen da Euskadiko jaiotza-tasa txikia (batezbeste 1,3 seme-alaba, belaunaldi ordezkapena 2 seme-alabekin bermatzen denean); izan ere, ondorengorik ez izatea enplegu egonkor ezarekin eta familia eta lan-bizitza bateratzeko neurri eskasekin lotzen dute % 73,5ek.

Balorazio politikoa

Bestalde, politika publikoei dagokionez, Espainiako demokraziaren kalitateak ez du azterketa gainditzen: 3,6, eta EAEkoak ozta-ozta, 5,6ko nota batekin. % 85ek ustelkeria antzematen dute Espainiako Gobernuan, eta % 43k Eusko Jaurlaritzan.

Balizko independentzia erreferendum batean, % 36,6k kontrakoa botoa emango luke, % 26,1ek aldeko boza, % 10,5ek ez luke bozkatuko, eta % 26,8k ez daki edo ez du erantzuten.

Presoek zigorrak osorik bete behar dituztela uste dute % 34k, baina Euskal Herritik gertu; eta Espainiako Gobernuak odol deliturik ez duten preso damutuei amnistia eman behar die, % 11,3ren esanetan.

Inkesta 18 eta 64 urte bitarteko 1.000 pertsonari egin zieten Internet bidez, azaroaren 22tik abenduaren 3ra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Langabezia Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Deustuko Unibertsitatea Gizartea Ekonomia Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak