Ekonomia -
2019KO AURREKONTUAK
Arabako Aldundiak Aurrekontuak erretiratu eta akordio puntualak bilatuko ditu
Gutxiengoan dagoen Foru Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) iazko Aurrekontuak luzatuko ditu eta negoziazio prozesu bat abiatuko du zenbait gai adosteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako Foru Aldundiak 2019ko aurrekontu proiektua erretiratuko du, babes faltagatik. Ondorioz, iazko Aurrekontuak luzatuko ditu. Dena den, negoziazio prozesu bat abiatuko du alderdi nagusiekin, iazko Aurrekontuetan zenbait aldaketa egiten saiatzeko.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak astearte honetan eskaini duen prentsaurrekoan eman du albistea. Bere adierazpenetan, PP eta EH Bildu izan ditu jomugan eta "azken urteotako aurrekontu proiektu onenari" osoko zuzenketen bitartez kontra egitea leporatu die. Dena dela eta Aurrekontuak luzatu arren, Arabako "proiektu nagusiak" ziurtatuta daudela ohartarazi du.
Hala eta guztiz ere, ahaldun nagusiak negoziazio aro berri bat iragarri du 2018ko aurrekontu proiektuan jasota ez dauden proiektuetara dirua bideratzeko. PPrekin edota EH Bildurekin akordio puntualak lortzeko itxaropena agertu du Ramiro Gonzalezek.
Gaurko Gobernu Kontseiluan erabaki dute aurrekontu proiektua erretiratzea. Modu horretan, Aurrekontuak abenduaren 21ean Arabako Batzar Nagusietan egitekoa zen bozketan atzera botatzea eragotziko du Gobernuak; aitzitik, oposizioko alderdiek aurrekontu proiektuari aurkeztutako zatikako zuzenketak ere ez dira eztabaidatuko.