Ekonomia -

Bajaren lehen egunetik

Irailaren 1etik aurrera baja hartu zuten funtzionarioek soldata osoa kobratuko dute

Hain zuzen ere, soldataren % 100 jasoko dute bajaren lehenengo egunetik, eta neurri horrek atzeraeginezko izaera izango du. Patxi Lopezek 2012an egindako murrizketa, beraz, bertan behera utziko dute.

LABen elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. EFEren artxiboko irudia
LABen elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.
LABen elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko langile publikoek, baja kasuetan, soldata oso-osorik kobratuko dute lehenengo egunetik. Hain zuzen ere, 2018ko irailaren 1tik aurrera hartutako bajetan izango du eragina neurri berri horrek.

Horixe da, zehazki, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak ostiral honetan argitaratu duena.

Hala, atzereginezko izaera duen neurri horri esker, irailaren 1etik aurrera aldi baterako baja hartu zuten funtzionarioek soldataren % 100 jasoko dute. Esan bezala, Patxi Lopezen gobernuak 2012an egindako murrizketetako bat izan zen aipatutakoa, alegia, langile publikoei, baja kasuetan, soldata osoa ez ordaintzea.

Dekretuaren argitalpenaren ondotik, bajan dauden langileei kendutako diru kopurua abenduko nominan zuzenean itzultzeko eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari.

Are gehiago, irailaren 1a baino lehen bajan zeuden beharginei ere soldatatik kendutako diru kopurua itzultzeko exijitu dio Jaurlaritzari.

Azkenik, azken urteetako murrizketak bertan behera uzteko galdegin diote Urkulluren gobernuari: besteak beste, galdutako erosahalmena, Itzarriko ekarpenak eta erretiro hobariak berreskuratzea, eta sektore publikoan behin behineko enpleguari amaiera emango dion "benetako negoziazioa" abiatzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Lana Funtzionarioak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Soldatak