Ekonomia -
LAN GATAZKA
Bertan behera utzi dute Gasteizen gauerdian hastekoa zen garbitzaile-greba
Enpresak abenduaren 10a baino lehen ordaindu beharko die langileei 2014tik zor dizkien gai propioetarako 19 egunak. Horrela izan ezean, berriz ere grebari ekingo diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizko garbiketa zerbitzua kudeatzen duen enpresa-elkarteko langileen batzordeak bertan behera utzi du 22:00etan hastekoa zen greba mugagabea, Gasteizko Udalarekin eta enpresako arduradunekin gaur bertan egindako bileraren ostean. Halaxe jakinarazi du Juan Carlos Mateos batzordeko buruak.
Hirugarren greba deialdia zuten gaurkoa. Orain arteko biak ere bertan behera geratu dira azken unean FCC eta GMSM enpresen eta langileen artean akordioa lortu eta gero.
Gaur goizean bildu dira hiru aldeak eta 4 orduz aritu dira negoziatzen. Atzo langileak eta enpresako ordezkariak bildu ziren baina akordiorik gabe amaitu zen bilera hura. Gaur, Udala ere tartean dela, akordioa itxi dute. Horren arabera, 12 behin-behineko kontratu mugagabe bihurtuko dituzte eta 11 langile aurrejubilatu egingo dituzte, errelebo kontratuak eginez horien ordez. Egun, 450 langile ditu enpresak.
Greba ez dute erabat bertan behar utzi, dena dela, eten egin dute momentuz. Izan ere, langileek 19 egun dituzte kobratzeko 2014tik (gai propioetarako egunak) eta abenduaren 10a baino lehen diru hori jasotzen ez badute, Auzitegira joko du langileen batzordeak enpresaren ondasunak enbargatu ditzaten. Mateosek azaldu duenez, zorrak ordaintzen ez dizkieten bitartean ez dute behin betiko utziko greba.
Gainera, garbiketa zerbitzua ematen duten bi enpresa horiek gaur adostu duten akordioa betetzen dela bermatzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartu du Gasteizko Udalak eta eskura dituen bide juridikoak erabiliko dituela iragarri du, beteko ez balitz.
Ohar baten bidez, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak esan du gaurkoa "albiste ona" dela, akordioari esker, hiriak ez dituelako "grebak ekarriko lituzkeen ondorioak pairatuko".
"Azken unera arte bitartekari lanak egin ditugu Udaletik, eta alde guztiei esker, egoera askatzea lortu dugu" nabarmendu du.