Ekonomia -
Hipoteka
Etxea bueltatuta ez da zorra kitatzen, Epaitegi nafar baten arabera
Iragan urtarrilaren 26an Nafarroako beste auzitegi batek kontrako ebazpena eman zuen.
Nafarroako Lurralde Auzitegiko Hirugarren Sekzioak eman duen ebazpenaren arabera, etxebizitza itzulita ez da pertsona batek bankuarekiko duen hipotekaren zorra kitatzen.
Iragan urtarrilaren 26an Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak kontrako ebazpena eman zuen, hau da, etxebizitza itzulita zorra kitatzen zela ebatzi zuen, nahiz eta krisia dela eta higiezinak balioa galdu.
Azken ebazpen horretan, aldiz, BBVAk aurkeztutako helegitea aintzat hartu du eta bankuak eskatzen duen diru kopurua lortu arte ondasunak enbargatzeko agindua eman du.
Etxebizitza 203.000 eurotan tasatu zuten, baina enkantean 137.350 euroko prezioa hartu zuen. Jabearen zorra 181.846,4 eurokoa zen bankuarekiko eta horri interesak gehitu behar zaizkio, urteko % 19 hain zuzen ere.
BBVAk alde hori eskatu zuen, 44.496,4 euro, baina lehenengo epaitegiak atzera bota zuen eskaria, baina Lurralde Auzitegiak onartu egin du orain.