Ekonomia -

Nafarroa

Etxebizitza Eskubidearen aldeko Legeak familiei eta gazteei lagunduko die

Gazteei emantzipatzeko eta adin txikikoak dituzten familiei laguntzeko prestazio bat bermatuko du hilero.

Etxebizitzak: ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Etxebizitzak
Etxebizitzak: ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitza eskubide subjektiboaren aldeko foru Legeak gazteei emantzipatzeko eta adin txikikoak dituzten familiak (errenta mugarik gabe) laguntzeko prestazioak bermatuko ditu hilero.

Miguel Laparra Nafarroako Gobernuko Giza Eskubideen presidenteordeak astearte honetan eman ditu ezagutzera lege-proiektuaren nondik norakoak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E alderdiek proiektua babestu ostean.

Nafarroa etxebizitza duin eta egokia legez izateko "eskubide subjektiboa" jasotzen duen erkidego apurretakoa da, oinarrizko eskubide maila ezartzen baitio.

Eskariari aurre egiteko moduko etxebizitza publiko kopuru nahikoa ez dagoenez, legeak bermatutako prestazio subsidiarioa jasoko du.

Laguntza horrek, lehenik, "EmanZipa" izeneko programa izango du; 23 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako prestazioak gehienez hiru urteko iraupena izango du eta ez dauka zertan jarraitua izan behar.

Laguntza hori etxebizitzaren hileko alokairuaren errentaren % 50ekoa izango da; nolanahi ere, gehienez, 250 eurokoa izango da eta etxebizitzaren errentak ez ditu hileroko 650 euroak gaindituko. Laguntza hori jasotzeko gazteen diru-sarrerak 20.000 euro azpitik egon beharko dira, eta 30.000 eurotik behera, bi lagun edo gehiago bizi diren etxeen kasuetan.

Laguntza hiruhilean behin ordainduko dute bankuko agiria aurkeztu ostean. Laguntza, gainera, urtero berrituko da baldintzak betetzen dituztenen artean.

Bigarrenik, "DaVId" izeneko programa etxean bizi direnen diru-sarrera zehatz bat duten familiei egokituko zaie. Laguntza hori errentaren araberakoa izango da eta hilean 300, 250 edo 200 eurokoa izango da, baina inoiz alokairuaren prezioaren % 50 baino gehiagokoa.

Laguntza jaso ahal izateko eskatzaileek babes ofizialeko etxebizitzaren erroldan gutxienez urtebeteko antzinatasuna izan beharko dute, eta aurreko programan bezala, etxebizitzaren alokairuaren errentak ezin izango ditu 650 euroak gainditu hilabetean. Bestalde, laguntzaren ordainketa hilero egingo dute bankuko agiriak aurkeztu eta gero.

Nafarroako Gobernuak ahalik eta arinen onartu nahi du Legea, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean egoteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Etxebizitza albisteak