Ekonomia -
Greba orokorra
Antolatzaileek grebaren 'jarraipen zabala' nabarmendu dute
ELAk eta LABek deialdia "arrakastatsua" izan dela esan dute, Poliziaren presentzia "oso handia" izan den arren. Nafarroari dagokuionez, grebaren jarraipena "esanguratsua" izan dela azpimarratu dute.
Erredakzioa
ELA, LAB, STEE-EILAS, Ehne eta Hiru sindikatuek ostegun honetan EAEn eta Nafarroan deitutako greba orokorra "arrakastatsua" izan dela adierazi dute. Euren datuen arabera, EAEn, 50 langiletik gorako 300 enpresa baino gehiagotan jarduera erabat eten da. Talde honetan langileriaren % 70tik gora greba egin duten enpesak sartu dituzte.
Sindikatuen bozeramaileek arratsaldean emandako prentsaurrekoan, langileek grebari emandako erantzuna "eredugarria" izan dela esan eta euskal langileria "patronalaren eta interes ekonomikoen erasoei aurre egiteko prest" dagoela nabarmendu dute.
Honen harian, kalean eta enpresetan gehiengo batek emandako erantzuna "elkarrizketa sozialaren porrota" islatzen duela adierazi dute; "elkarrizketa hori bankuek eta botere ekonomikoek diseinatutako politika ekonomikoak bultzatzeko baino ez du balio". "Europan, herrialdek batek ere ez die politika erasokor hauei babesa ematen", gaineratu dute.
Sindikatuek, langileak "zoriondu" egin dituzte emandako erantzun "sendoagatik", nahiz eta Poliziaren jarrerak "greba eskubidearen kontra" nabarmen egin duen.
Datuak, sindikatuen arabera
Sindikatu abertzaleek bildutako datuen arabera, industria sektorean enpresen % 61 itxita egon da, EAEn grebak eragin "garrantzitsua" izan du eta Nafarroan, berriz, "esanguratsua".
Aztertutako 500 enpresetatik, industrian 75 enpresek % 30etik gorako lanuzteak izan dituzte, hau da, guztietatik % 14,94. Lanuzteak txikiak izan dira 88 enpresetan (% 17,53).Nafarroari dagokionez, lanuzteak "erabatekoak· izan dira enpresa batzuetan. Sakanan eta Iparraldean, adibidez, grebaren eragina "oso handia" izan da. Iruñan eta industrialdean eragina "esanguratsua eta nabarmena" izan da.
Gainera, eta aurreko grebetan ez bezala, "kooperatiba askok ere" grebarekin bat egin dute.
Bestalde, tamaina ertain eta txikiko enpresa askotan ere lanuzteak nagusi izan direla azpimarratu dute sindikatuen bozeramaileek.